Hitzan argitaratura. Irakurri Hitzan >>

Ezkerretik hasita, Nora Kortaberria eta Anne Artola eskubaloi jokalariak

Junior mailako Munduko eskubaloi txapelketa jokatzen aritu dira Anne Artola eta Nora Kortaberria, Espainiako selekzioarekin. Atzo bukatu zen euren ibilia, final zortzirenetan Suediaren aurka galduta.

Aurreko astetik Moskun (Errusia) dabiltza Aiala Zarautz taldeko Anne Artola (Zarautz, 1996) eta No­ra Kortaberria (Elgoibar, 1997), Espainiako eskubaloi selekzioarekin junior mailako Munduko Txapelketa jokatzen. Baina beraien abentura jada bukatu da. Atzo eguerdian Suediaren aurka le­hiatu ziren final zortzirenetan, eta 29-13ko emaitzarekin galduta, txapelketatik kanpo geratu dira.

Taldeen faseko ligaxka jokatuz ekin zioten txapelketari joan den astean, C multzoan. «Aurreikuspenak aurreikuspen, partida bakoitza mundu bat da, eta bakoitza final bat bezala hartu genuen», adierazi dute Nora Kortaberriak eta Anne Artolak. Hasiera ona egin zuten Argentinari eta Egiptori irabazita, baina ondoren Alemaniaren eta Errumaniaren aurka porrota jaso zuten.

«Bagenekien lehenengo bi selekzioak [Argentina eta Egipto], Alemaniarekin alderatuta, errazagoak izango zirela». Alemaniako selekzioaren aurka aurretik ere neurtuak zituzten indarrak, eta «maila handiko taldea dela erakutsi digute». Errumania bera ere talde gogorragoa bezala ikusten zuten, eta lan gehiago egin beharko zutela haien aurka garaipena lortzeko.

Larunbatean jokatu zuten hasierako ligaxkako azken norgehiagoka, Kazajistan mendean hartuta. Ondorioz, hirugarren postuan bukatu zuten fasea, Errumaniaren eta Alemaniaren atzetik, eta final zortzirenetara sailkatu ziren; multzo bakoitzeko lehen lau taldeak lortu dute txartela. D multzoan bigarren sailkatutako Suediaren kontra egokitu zitzaion Espainiari kanporaketa, eta aurkariak gehiago izan ziren atzokoan.

Aiala Zarautz taldeko bi jokalarientzat estreinako aldia izan da Espainiako selekzioaren nazioarte mailako txapelketa bat jokatu dutena. «Aurretik ez dugu Europako Txapelketarik jokatu, ezta Munduko Txapelketarik ere. Lehen aldia izan denez, gogo handiz hartu dugu aukera paregabe hau». Oso gogoan dute Galizian partida bat jokatzeko deitu zituzten lehen aldia: «Hasieran, deiak harritu egin gintuen, baina pentsatzen hasita, selekzioarekin entrenatzeak gure ibilbidean izan zezakeen onuraz ohartu ginen. Baita dei hura gure lanaren fruitua izan zela ere».

Munduko Txapelketa jokatzen aritu den Espainiako taldean kide berri asko izan direla jakitera eman dute. «Beraz, talde giroa osatzea izan da erronkarik handiena. Hala ere, partidaz partida sentsazioak hobetzen joan diren heinean, talde giroa ere hobetzen joan da», adierazi dute Artolak eta Kortaberriak. Ekainaren erdialdetik daude kontzentratuta, eta egunerotasun horrek  psikologigoki ere eragina izan duela azaldu dute, «baina hori oztopo bat izan beharrean, erronka izaten ari da».
Maila handia

Artolaren eta Kortaberriaren esanetan, «jokalari baten ametsa beti izaten da ahalik eta minutu gehien izatea», eta horretarako borrokatzen aritu dira. Dena dela, jakin bazekiten gainerako taldekideen maila handia dela, eta beren postuetan «kalitate handiko jokalariak» daudela. Era berean, «taldean berriak garenez, pixkanaka-pixkanaka entrenatzailearen [Sagrario Santana hautatzailearen] konfiantza ere irabazten joan gara, eta honek minutu gehiago eman dizkigu», azaldu dute.

Junior mailako Munduko Txapelketa punta-puntako lehia izaten ari da, baina horrek ez ditu ezustean harrapatu jokalari zarauztarra eta elgoibartarra: «Bagenekien zer izango genuen aurrean, eta inpresioa ez da hainbestekoa izan. Hala ere, talde batzuk ikusgarriak dira, eta haien jokoa ikusita, agerian geratzen da zer-nolako prestakuntza fisikoa zein taktikoa duten».

Bikoteak hiru selekzio ikusten ditu txapelketa irabazteko faborito nagusi gisa: Errusia, Danimarka eta Norvegia.

«Motxilan eramango dugu»

Biek ala biek Ohorezko Mailan jokatu dute aurten Aiala Zarautzekin. Horrek ere eskarmentua eman die Munduko Txapelketara begira. «Aurten lehen mailan jokatzeko aukera izan dugu, eta esperientzia berri horrek ikasteko aukera eman digu. Dena dela, Espainian dagoen maila ezin aldera daiteke beste herrialdetakoekin; batez ere, arlo fisikoan. Ondorioz, nazioarte mailarako jauzia handia izan da».

Aialarekin ezin izan diote mailari eutsi, baina egindako lana nolabait ere aitortuta geratu da, Espainiako selekzioan bi ordezkaritza izanda. «Emaitzei begira, taldea mailaz jaitsi da, eta gu selekzioarekin jokatzeko deituak izan gara. Azkenengo hau lanak emandako fruitutzat har dezakegu, baina benetako fruitua Zarauzko taldeak lortu duena da».

Kirol mailan ez ezik, elkarbizitzan ere asko ikasi dutela azaldu dute. «Ligak eskatu digun konpromisoagatik inoiz baino ge­hiago egon gara elkarrekin, egunero ez esatearren, eta aurrerantzean, hori guztia geurekin mo­txilan eramango dugun zerbait izango da».