ZKE eskubaloiak ‘D ereduko kirola’ proiektuan parte hartu du.

DEred

Berria: “Kirola, euskara eskolatik kalera igarotzeko zubia” >>

http://www.soziolinguistika.eus: “Gazteek kirol arloan euskaraz gehiago egiteko gakoak identifikatu dira ‘D ereduko kirola’ proiektuan” >>

Berria: “Kirola, euskara eskolatik kalera igarotzeko zubia”

‘D ereduko kirola’ ikerketa egin dute Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk gazteen kirol taldeetan. Hizkuntza ohituretan taldeak duen indarraz ohartarazi dute. Euskara aintzat hartu eta kirolaren birdefinizio bat galdegin dute

Neska-mutilak Zubietan, gazteentzako futbol jardunaldi batzuetan.

Neska-mutilak Zubietan, gazteentzako futbol jardunaldi batzuetan. ANDONI CANELLADA / FOKU 

Eskolatik kanpo nola indartu euskarazko sozializazioa haur eta gaztetxoen artean? Galdera horri erantzuten hasi, eta kirolari erreparatu dio Soziolinguistika Klusterrak. «Kirolak pisu handia dauka, bai kuantitatiboki, bai gizartean duen ospeagatik», azaldu du Pablo Suberbiolak, klusterreko ikertzaileak. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailarekin batera, D ereduko kirola izeneko ikerketa egin dute. Atzo aurkeztu zituzten emaitzak, Zubietan (Donosrtia, Gipuzkoa) egindako jardunaldian.

«Gaur [atzo] bertan, Bilboko errugbi talde bateko kideek esan digute nahiz eta entrenatzaileekin saiatu diren euskararen erabilera indartzen, euskara eskolako hizkuntza den iritzia urteetan barneratu dutenez urratsa egiten ahalegindu direnean erantzuna hori izan dela: ‘Euskaraz ari zara? Ez gaude eskolan eta!’». Ohartarazi du lan egin beharko dela halako aurreiritzien kontra. «Uste dugu euskal soziolinguistika berritu daitekeela eremu horretatik ere. Beste eremu batzuetan ari dira gauzak egiten, eta iruditzen zaigu honetatik ere etor daitezkeela berrikuntza interesgarriak», azaldu du Jone Miren Hernandez EHUko irakasleak.

Ikerketarako bost kirol talde hautatu zituzten: Gasteizko Zaramaga pilota elkartea, Getxoko Aixerrota boleibol taldea, Arrigorriagako (Bizkaia) Padura saskibaloi kluba, Donostiako Reala eta Zarauzko (Gipuzkoa) Zarautz eskubaloi taldea. «Kirola aisialdia da, baina bada arautua dagoen esparru formalagoa ere. Nolabait, kirolak badu eskolaren eta kalearen artean hirugarren esparru izateko ezaugarriak», azaldu du Suberbiolak. Bost talde horiek badute ezaugarri komun bat: euskara nahi dute euren taldeetan, eta horretarako lan egiten dute. Eta bide horretan oztopoak gainditu behar izaten dituzte etengabe. Horretan laguntzen ere ahalegindu dira ikertzaileak. Adibidez, ohartu dira gazteek ez dutela berdin jokatzen entrenatzailearekin daudenean edo euren artean berba egitean. Lehen kasuan baino euskara gehiago erabiltzen dute bigarrenean.

Ikerketaren lehen urtean entrenatzaileekin egin zuten lan. Lehen azterketa egin ondoren, entrenatzaile eta jokalariekin lan egiteko modu berri baten bila hasi, eta horretarako materiala sortu zuten: unitate didaktiko bat. «Bereziki komunikazio lanketa bat egin da, modu esperimentalean; talde mailako komunikazioarena, betiere taldetasunetik eta eurek adostutakoan oinarrituta». Ikerketaren bigarren parte horretan, besteak beste, kirolean aritzen diren gaztetxoekin elkarrizketak izan dituzte. Entrenatzaileekin abiatuta, jokalari taldeetara igaro dira prozesuak aurrera egin ahala.

Horri lotuta, ohar bat egin du Suberbiolak: «Askotan entrenatzaileengan jartzen da arreta, baina ikusi dugu jokalariek eta entrenatzaileek berehala nabaritzen dutela klubean euskara erabiltzeak garrantzia daukan edo ez. Gazteei begira gaudenean, lehen lana helduek egin behar dute. Kasu honetan, kirol taldeetako arduradunek dute, neurri handian, euskararen erabilera benetan gerta dadin baldintza egokiak sortzeko aukera eta erantzukizuna». Hala ere, gero protagonismoa gazteek hartu behar dute. «Haiek gabe espazio honek ez luke zentzurik izango». Uste dute oinarrizko banaketa hori errespetatu egin behar dela: ardurak eta eginbeharrak onartu; baita eskubideak bermatu ere.

Taldearen indarra

Hernandezen esanetan, «ezinbestekoa» da kirola eragile gisa hartzea. «Beste aukera bat da». Beste horri bi adiera eman dizkio. «Beste esaten dugu, kirolaz gain hor daudelako beste batzuk: familia, eskola, lagun taldea… Eta guztiak hartu behar dira kontuan. Eta beste esaten dugu, kirola berezia delako, beste era batekoa, arreta berezia merezi duena eta aukera asko eskaintzen dituena». Ez da euskara eta kirola lotu dituen lehen proiektua. «Baina orain bereziki kirolari erreparatzeko garaia dela iruditzen zaigu».

Hernandezek nabarmendu du kirolaren potentzialitate handiena taldearen garrantzia dela. «Kirol batzuk taldean egiten dira; beste batzuk, banaka; baina guztietan taldea presente dago. Pilotan, adibidez, taldean entrenatzen dira, nahiz eta banaka jokatu». Uste du talde nortasun horrek berebiziko indarra duela. «Eskolan gazteak hizkuntzarekin daukan lotura norbanakotik abiatzen da: ‘ikasi behar dut’, ‘azterketa egin behar dut’, ‘idazlan hau daukat idazteko’… Taldean, berriz, ez da bakarrik norberak euskararekiko duen ardura, baizik eta talde moduan daukagun ardura. Ardura konpartitu gisa aurkeztuko badugu, errazagoa izango da gazteengana iristea». Eta galdera bota die: «Talde moduan zer nahi dugu?».

Hernandezek kontatu du klub batzuek esan dietela esperientzia horrek taldea trinkotzeko balio izan diela. Esan du eurentzat talde trinkoak edukitzea oso garrantzitsua dela. «Talde trinkoa lurra da. Eta guk lurra behar dugu haren gainean beste gauza batzuk eraikitzeko. Talde trinko eta sendo batetik abiatuta, gauza asko lor daitezke. Gure kasuan, euskararen erabilera. Baina beste helburu batzuk ere izan daitezke. Taldea ez bada trinkoa, askoz ere zailagoa da edozein lan egitea, eta helburu batzuk lortzea».

Estrategia berezia

Errealitatearen parte bat aztertu dute. Baina Suberbiolak azpimarratu du ez daudela berdinak diren bi klub. «Kirol motaren, testuinguru soziolinguistikoaren edo taldearen tamainaren arabera, egoera asko aldatzen da». Horregatik, ez dute aurkitu guztientzat balio duen formula bakar bat. «Ezin dugu esan: ‘Hau eginez gero, dena hobetuko da’», aitortu du Hernandezek. Baina gogoetarako eta eztabaidarako oinarri bat utzi nahi izan dute, lanerako proposamen orokor batzuk egin.

Besteak beste, kirolaren birdefinizio baten beharra azpimarratu dute, hizkuntzaren eta euskararen begiradatik egina. «Hiztun gaztetxoen begirada eta hizkuntza errealitate askotarikoa ere oso aintzat hartu behar dira birdefinizio horretan». Uste dute kirolak ez duela zertan eskolak egindakoa errepikatu. «Eremu bakoitzaren izaera eta helburuak ezberdinak dira». Hirugarren esparru gisa aurkeztu dute kirola, eta, horregatik, iruditzen zaie estrategia bereziak behar dituela. Ildo horretan, bakoitzaren betebeharrak definitzearen alde egin dute: federazioak, klubek, tutoreek eta familiek. Nabarmendu dute kirola dela gazte askorentzat eskolatik kanpo euskararekin harremana mantentzeko aukera bakarra.

D eredua, jalgi hadi plazara


 

http://www.soziolinguistika.eus: “GAZTEEK KIROL ARLOAN EUSKARAZ GEHIAGO EGITEKO GAKOAK IDENTIFIKATU DIRA “D EREDUKO KIROLA” PROIEKTUAN”

Hiru urtez ikerketa esperimentala egin da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bost kirol-klubetan. 10 eta 16 urte arteko kirolari gazteen eta haien entrenatzaileen hizkuntza-portaerak eta bizipenak hurbiletik ezagutzeko aukera eman du proiektuak. Soziolinguistika Klusterraren proiektua izan da, eta lankidetzan garatu da UPV/EHUko ikerlariekin, Urtxintxarekin eta Euskaltzaleen Topagunearekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak proiektua babestu dute eta zuzeneko partaidetza izan dute.

Proiektuaren ondorioetako bat da kirola berariazko esparru gisa lantzearen beharra. Kirol arloan osatu eta aberastu egin liteke gazteek eskolan euskararen ezagutza eta erabilerarako jasotzen duten oinarria, baina horretarako garrantzitsua da eskolako eredua bere horretan ez errepikatzea, baizik eta egokitzea.

Entrenatzaile eta kirolari gazteek euskara gehiago erabili ahal izateko baldintza egokiak sortzea helduen egitekoa da nagusiki. Klubetako arduradunek aukera dute kirol-taldea euskarazko erabilerarako gune babestu izan dadin irizpideak markatzeko eta giroa sortzeko.

Kirol-taldea garrantzia bereziko eremua da jokalari gaztetxoen bizitzan. Taldeko bizipen kolektibo horretan aukera egokiak daude euskararen erabileraren aldetik helburu eta erronka berriak elkarrekin landu eta lortzeko.

D ereduko kirola ikerketa-proiektuaren emaitzak aurkezteko eta bertan parte hartu dutenei eskerrak emateko saioa egin dute Real Sociedad-en Zubietako instalazioetan. Ibon Gaztañazpi aurkezleak gidatuta, denetariko aurkezpen eta hitzaldientzat tartea egon da.

Jokin Aperribay Realeko presidenteak eman dio irekiera ekitaldiari. “Realarentzat ohorea da ekitaldi hau gure etxean, Zubietan egitea. Harrerarena baino askoz haratago doan gure jarrera azpimarratuko nahiko nuke. Gure gazteen entrenamenduetan, eguneroko jardueran euskara indartzen saiatzen gara. Gaur aditzera emango diren emaitzen ikerketaren parte izan gara eta uste dut guretzat ere aberasgarria izan dela esperientzia hau” nabarmendu du.

Jon Zarate UPV/EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak bai irakaskuntza bai ikerkuntza Unibertsitatearen zeregin nagusiak direla nabarmendu du. ”Gaur aurkeztu dugun ikerketa lan honek agerian uzten du UPV/EHUko ikerketa taldeek euskal gizartearentzat estrategikoak diren gaietan egiten duten ekarpena, ekarpen zorrotza, egoerak aldatu edo hobetu aldera”.

Maddi Etxebarria Soziolinguistika Klusterreko lehendakariak proiektua aurrera eramateko eredua azpimarratu du: “hainbat erakunderen arteko lankidetzan, unibertsitateko ikerlari taldearen zuzendaritzapean eta euskararen biziberritzearen beharretatik abiatuz lan egitea da egitasmo honen  balio erantsia.”

Ekitaldian izan dira, halaber, proiektuaren babesle izan diren erakundeetako ordezkariak. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuak nabarmendu du ikerketaren garrantzia euskara sustatzeko bidean asmatzen jarraitzeko: “Mundu aldakor honetan gauzak oso arin aldatzen dira, eta lehen balio zuenak gaur ez du balio. Ikerketak euskara sustatzeko bidean asmatzeko gakoak emango dizkigu, informazio baliagarria politika eraginkorrak egiteko. Gaur aurkeztu dugun ikerketa hau ere baliagarria izango da euskara gazteen artean sustatzen segitzeko”.

Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, berriz, gogorarazi du euskararen biziberritze prozesua “bidegurutzean” dagoela eta, testuinguru horretan, “gazteen artean euskararen erabilera bultzatzea giltzarria” izan daitekeela hizkuntzaren “etorkizuna sendotzen eta bermatzen” jarraitzeko. “Eremu informaletan euskara libre eta sano erabili ahal izateko aukerak sorrarazi behar ditugu eta, zalantzarik gabe, aisialdiak eta kirolak potentzial haldia dute helburu hori gauzatzeko. Talde-lana, dibertsioa eta adiskidetasuna bezalako balioekin batera –eta horiei lotuta– hor egon behar du euskararen erabileran ere”, gogoeta egin du Olanok. Gainera, adierazi duenez, “kirolaren alorrean ere” hizkuntza berdintasuna lortzeko bidean “lan asko” dago egiteko eta bide horretan elkarte, federazio eta gurasoekin “elkarlanean” jarduteko beharra azpimarratu du.

Irati Anda eskalatzaileak eta Gurutz Aginagalde eskubaloi jokalari ohia eta gaur egun Bidasoa eskubaloi taldeko lehendakari denak, solasaldi bat izan duten beren bizipenetan euskarak eta kirol munduak izan duten loturatik abiatuta.

Jarraian, Jone Miren Hernandez eta Jaime Altuna antropologia ikerlariek (UPV/EHU) eta Pablo Suberbiola Soziolinguistika Klusterreko kideak, D ereduko Kirola proiektuak bi urteko ibilbidean emandako ikasgaiak azaldu dituzte xehetasunez.

Proiektuan modu esperimentalean landu den esparru bat taldeko komunikazioarena da. Jokalarien arteko komunikazio ona izatea abantaila handia da kirol emaitzak lortzeko garaian. Eta horrez gain, taldearen izaera eta identitatea indartzeko aukera ematen du. Komunikazio horren lanketaren barruan, proiektuan taldeek euskararen erabilera aldetik beren helburu eta erronkak ere landu dituzte, eta ikusi da horretarako esparru emankorra dela.

Halako helburu eta erronkak lantzeko, dena den, giro egoki bat behar da, euskararen erabilerari garrantzia ematen dion giro bat, eta hori sortzea nagusiki klubetako arduradun eta gurasoen egitekoa da. Haien eta jokalarien arteko lotura, bestalde, entrenatzaileek egiten dute. Jokalari gaztetxoentzat euren entrenatzaileak erreferente oso garrantzitsuak dira, eta euskara gehiago erabili ahal izateko orduan ere erabateko garrantzia dute. Proiektuan aztertutako klubetan, ikusi da entrenatzaileen euskarazko jardunak lagundu egiten diela jokalari gazteei euskaraz gehiago egiten. Euren euskarazko jardunean maiz entrenatzaileek eskolan erabiltzen ez den malgutasuna erabiltzen dute une jakinetan, gaztetxoekiko hurbiltasun eta konfiantza handiagoa lortuz.

Proiektuan identifikatu diren gakoen bidetik, aukerak ikusten dira kirol arloan jarraipena emateko eskolak egiten duen lanari, baina garrantzitsua da birpentsatzea lan hori nola egin behar den, eskolako eredua bere horretan errepikatu gabe. Alde horretatik, aukerak daude kirola “hirugarren esparru” indartzeko, modu horretan eskolako hizkuntza-ohituren eta kalekoen arteko lotura eginaz. Horrek, aukera emango luke gaztetxo askok eskolan egin duten ahaleginari jarraipena emateko, eta hizkuntza-berdintasunaren ikuspegitik euskarazko erabilerarako duten eskubidea modu praktikoan handitzeko.

Saioa amaitzeko, ikerketa-ekintza proiektuan parte hartu duten klubek beren esperientziaren berri eman dute. D ereduko Kirola proiektuan parte hartzea nola gauzatu duten azaldu dute eta beren errealitatean euskararen erabilera sustatzeaz duten ikuspegia partekatu dute bertaratutakoekin.

Aurkezpen eta esker-emate saioak proiektuaren emaitzak laburtuta ematen dituen argitalpena plazaratzeko balio izan du. 20 orrialdeko liburuxka batean laburtu dira ikerketa-prozesuaren kontakizuna eta emaitza nagusiak. Liburuxka formatu digitalean eskuragarri dago www.soziolinguistika.eus/deredukokirola webgunean.