Hitza: “Sekretu bakarra, pasioa”

Hitzan argitaratua. Irakurri berri originala >>

35 talde, 600 jokalari baino gehiago eta 120 entrenatzaile eta laguntzaile. Baliabide ekonomiko gutxirekin, egitura erraldoia dauka Zarauzko eskubaloi klubak. Gaur erreportajea argitaratu du UROLA KOSTAKO HITZArekin eta Berria-rekin banatzen den Gipuzkoako Hitza astekariak

Sekretu bakarra, pasioa

Amenabar Zarautz, partida batean (Luis Epelde) |  Ikusi handiago |  Argazki originala
Unai Zubeldia

“Boluntarioak gara denok”. Nahiz eta profesionalen gisan lan egiten duten. “Inork ez du kobratzen hemen, ez kimuen taldeko entrenatzaileak eta ezta senior mailakoenak ere. Jende askoren borondate ona, horixe da klubaren sekretua”. Inma Saenz de Santamaria da Zarauzko eskubaloi klubeko presidentea —Juanan Urdangarin ere aritzen da lan horietan—, eta “denboraldiko garairik zailenean” murgilduta dabiltza orain. “Jarraitu, ez jarraitu, denekin hitz egiteko garaia izaten da hau, eta ez da erraza eskaintzeko askorik ez daukazunean guztiei proiektua babesten jarrai dezatela eskatzea”. 35 talde, 600 fitxa baino gehiago eta 100-120 entrenatzaile eta laguntzaile daude guztiakhorren atzean, 23.000 biztanle dituen herrian.

“Ni duela hamahiru urte sartu nintzen zuzendaritzan”, hasi du azalpena Saenz de Santamariak. “Eta garai hartan hamahiru talde zeuzkan klubak. Pentsa, ia hirukoiztu egin da kopurua”. Hainbeste hazi da kluba, Orion hiru talde dauzkate egun, Zarauzko klubarekin elkarlanean, eta inguruko beste hainbat herritatik ere iristen dira jokalariak. Federatuta dauden jokalarien datuak soilik aintzat hartuta, 281 ditu Zarauzko klubak, 201 Elgoibarko Sanlo EKTk, 167 Errenteriako Ereintzak, 153 Eibar Eskubaloiak…

Emilio Olazabalen eskutik, 1965ean sortu zen eskubaloi kluba —1943an gorpuztu zen Zarautz Kirol Elkartearen proiektua—, eta gaur egun Amenabar Zarautz gizonezkoetan eta Aiala Zarautz emakumezkoetan daude klubaren piramidearen goiko muturrean; Espainiako Ohorezko B Mailako taldeak dira biak. Amenabar Zarautzek 13. postuan amaitu du liga —zazpi urteren ondoren, Aitor Urbitartek ez du jarraituko entrenatzaile karguan—; eta Aiala Zarautzek, hirugarren B multzoan. Urrutira joan gabe, 2015-2016ko denboraldian Ohorezko Mailan jokatu zuen emakumezkoen taldeak. “Eskola mailan dago, ordea, klub honen benetako indarra. Futbola, saskibaloia eta eskubaloia lantzen dituzte talde kiroletan, eta denek izaten dute aukera kirol hau ezagutzeko”.

 

Presidentearen hitzetan, arrakastarako bide horretan zerikusi zuzena dauka Txaparrotan hondartzako eskubaloi txapelketak ere. “Izugarrizko indarra hartzen ari da”, azaldu du. “Ehun talde baino gehiago aritzen dira lehian asteburu bakarrean, eta ordu gutxiren buruan osatzen dira taldeak. Jolasa dago oinarrian, eta, partida horiek ikusita, eskubaloian jokatzen hastea erabakitzen dute gazte askok”.

Junkal Beristain zuzendaritzako kidearen hitzetan, Zarautzek “berezkoa” du eskubaloiarekiko lotura. “Kalean dago eskubaloia. Belaunaldi asko pasatu dira hemendik, eta lotura berezia nabaritzen da. Jokalari izandako asko guraso edo entrenatzaile dira gaur egun, eta polita da hori”. Harrobiko lan on horren erakusgarri, kadete mailako nesken taldeak brontzezko domina kolkoratu zuen ekainaren 3an Espainiako Txapelketan, Eldan (Herrialde Katalanak). “Nolabait esatearren, gure klubaren izaeraren isla da talde hori. Ez da puntako jokalariz osatutako multzoa; Maria Zaldua bakarrik aritzen da Espainiako selekzioarekin, baina saria eman die talde lanak”. Garaikurrarekin “oso harro” dago Saenz de Santamaria.

Mikel eta Alberto Agirrezabalaga, Erik Balentziaga, Libe Altuna, Maialen Mugika, Alba Menendez, Andrea Zaldua, Karmele Makazaga… Urteotan guztiotan Zarauzko jokalari asko iritsi da elitera, eta etorkizuneko izarren habia izaten jarraitu nahiko luke Zarauzko eskubaloi elkarteak.

Hori da arrakastaren alderik ederrena. “Baina oso larri gabiltza baliabide aldetik”, zehaztu du Beristainek —zortzi lagunek osatzen dute zuzendaritza; bost emakumezkok eta hiru gizonezkok—. “Ez daukagu lekurik talde guztiak behar bezala entrenatzeko. Zelaia bitan banatuta aritzen dira entrenatzen, eta horrela zaila da lan egitea”. Asteburu bakarrean hogei partida jokatzera iritsi izan dira Zarauzko kiroldegian —Antonianoetan ere jokatzen dute—. “Eta oso zaila da ordutegiak eta azpiegitura guztiak behar bezala antolatzea”. Kiroldegiaren ordutegia luzatuta konpontzen dute arazoa. “Hala moduz”. Kanpoko partidetan, berriz, autobusez edo autoetan egiten dute bidaia beti.

Hurrengo urterako udaletxeak martxan dauka kiroldegiaren ondoan beste pista bat eraikitzeko proiektua. “Eta ikastolak ere guneren bat ixteko asmoa dauka”. Hain larri dabiltza lekuz, jokalari aldetik aukera izan arren, haurren mailako talde gehiago sortu ezinik dabil kluba. “Horren ondorioz, haurren mailan bertan astero deialdietatik kanpo gelditzen dira hainbat jokalari. Hamalauk joka dezakete, eta hemeretzi-hogei daude talde batzuetan”. Muga horiekin aurrera egiten ikasi du klubak. “Baina ez da samurra adin horretako hainbat jokalari deialdietatik kanpo uztea”.

Besteekin, harreman ona

Gaur-gaurkoz, Espainiako Ohorezko Mailan dago Bera Bera Donostia taldea, eta Espainiako Asobal ligan Bidasoa-Irun. Gipuzkoako bi klub maila gorenean egonda, normala da Zarauzko jokalaririk onenek eskaintzak jasotzea. “Baina harreman ona daukagu klub guztiekin”, adierazi du Saenz de Santamariak. “Bidasoa-Irunekin ez daukagu inolako arazorik, eta Bera Berarekin, tira, harreman ona daukagu, nahiz eta egia den eurek gu bigarren talde gisa hartzeko ohitura daukatela”. Beristainen hitzetan, Zarautz ez dago horretarako prest. “Ez dauka zentzurik; ez zaigu interesatzen”. Argi hitz egin du presidenteak: “Gure helburua ez da dirua sartzea eta goi mailako talde on bat egitea. Harrobiko lana egiten dugu guk; eskubaloian jokatu nahi duen edonori horretarako aukera eskaintzea da erronka”.


 

Advertisements

Utzi mezu bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s