Irakurri Hitzan >>

Jubenil mailako Europako Txapelketan ariko dira Eneko Goenaga eta Mikel Amilibia eskubaloi jokalariak. Abuztuaren 11tik 21a bitartean jokatuko da kirol ekitaldia.

Ezkerretik hasita, Eneko Goenaga eta Mikel Amilibia eskubaloi jokalariak. (Aritz Mutiozabal)

Duela aste batzuetatik gogotsu eta gogotik ari dira prestatzen Zarauzko Eskubaloiko jokalari Eneko Goenaga zarauztarra eta Mikel Amilibia oriotarra, abuztuan Kroazian jokatuko den jubenil mailako Europako Txapelketarako. Espainiako selekzioko hautatzaile Alberto Suarezek 16 jokalariz osatutako taldea osatu du, eta horien artean da bikotea. Nazioarte mailako estreinako txapelketa inportantea dute honakoa, eta hitz potoloak direla jakin badakite ere, jokatzeko irrikaz daude.

Goenaga infantiletatik ibili da Espainiako selekzioarekin jokatzen, eta deialdiak ez du ezustean hartu. Amilibiak, ordea, ez zuen espero. «Denboraldian zehar gorabeherak izan ditut. Egia da bukaera aldean ongi ibili naizela, baina ez nuen uste deituko nindutenik», azaldu du oriotarrak. «Ekaina erdialdean jokalari berri batzuk Oviedon kontzentratu gintuzten, tartean Oihan Balentziaga taldekidea eta ni. Ondoren, nirekin kontatzen zutela esan zidaten, eta sekulako ilusioa egin zidan».

«Balioa jokalari gisa»

Europako Txapelketa jokatzeko hautatzea «sari bat bezala» dela nabarmendu du Goenagak: «Azken finean, maila handiko txapelketa batean lehiatu ahal izateak beste balio bat ematen dizu jokalari gisa. Jendeak arretaz begiratzen du nortzuk hautatu dituzten selekziorako, eta horrek nolabaiteko izena ematen du. Guk jada senior gisa jokatzen dugu, eta hautaketak asko laguntzen du eskubaloian aurrera egin nahiko bagenu».

Ekainaren 11tik 15era kontzentratuta egon dira Oviedon (Asturias, Espainia), goiz eta arratsaldez entrenatuz. Aurreko astean, berriz, Guadalajaran (Espainia) izan ziren, eta asteburuan, txapelketa nagusirako prestatze aldera, torneo bat jokatu zuten Polonian: hiru partidetatik bi irabazi zituzten.  Asteburu honetan, gaur hasi eta igandea bitartean,  Txapelketa Scandiberikoa jokatuko dute Burgosen (Espainia), Norvegia, Suedia eta Portugalgo selekzioen aurka. Europako Txapelketako multzoan, Frantzia eta Suitzarekin batera, Norvegia izango dute aurkari. «Beraz, Scandiberikoa baliagarria izango zaigu haien jokoa ezagutzeko».

Abuztuaren 11tik 21era jokatuko dute Kroazian, eta multzokako ligaxkako lehengo biak final zortzirenetara sailkatuko dira. «Aurreko urtean Munduko Txapeketan hirugarren postuan bukatu zuen Espainiak, eta Europako Txapelketetan ere emaitza onak lortu dituzte, askotan dominak eskuratuz», gogora ekarri du Goenagak. Horren aurrean aurtengo taldeak «erantzukizun handia» duela diote bi jokalariek. «Presioak presio, aurrekoek egindakoa hobetu nahiko genuke. Askoz gehiago egin dezakegula erakutsi nahi dugu», dio Amilibiak.

«Topera une oro»

Hautatzailea «zorrotza» dute, baina Goenagak uste du «hori beharrezkoa» dela. Amilibiaren hitzetan: «Berarekin topera ibili behar da. Guztia eman behar duzu une oro». Alberto Suarez bera izan da aurrekoetan ere jubenilen entrenatzailea eta hautatzailea, eta helburuak argi eta garbi dituela azaldu du Goenagak:  «Aurreko lorpenetan hor egon da, eta aurretik lortu duenez, aurten ere horren bila doa» .
Dominaren bat lortuz gero, datorren urtean jokatuko den Munduko Txapelketarako sailkatuko liratekeela gaineratu du zarauztarrak. Horrek, era berean, selekziora itzultzeko aukera ere emango lieke.  Aurten egiten dutenaren baitan dago guztia. «On­gi aritzen baldin bazara, badakite datorren urtean ere ongi arituko zarela. Beraz, horrek ere motibatuarazten zaitu», dio Amilibiak.

Pertsonalki, ahalik eta gehien jokatu nahiko lukete. «Jokoan gauden guztietan dugun guztia eman beharko dugu», oriotarraren arabera. Bide batez, esperientziaz ere ikasi nahi dute. Txapelketan entrenatzaile eta jokalari onak topatuko dituzte, eta haiei arreta jarrita asko ikasi dezaketela uste du Goenagak: «Jakina, horrek asko laguntzen du jokalari gisa hobetzeko».