Irakurri berri originala >>

  • Xabat Olaizolak maite ditu harrijasotzea eta eskubaloia, eta gustatzen zaion horri zukua ateratzen ari da bi kirol horietan; Gipuzkoako harri txikietako txapeldunorde geratu zen asteburuan eta Zilarrezko Mailako golegile nagusia izan da sasoi honetan

Xabat Olaizola, eskubaloi jokalaria eta harrijasotzailea

Xabat Olaizola, eskubaloi jokalaria eta harrijasotzailea (Luis M. Unciti – Luis M. Unciti)

JON ANDER DE LA HOZ

Bizi erantzuten ditu galderak Xabat Olaizolak (Zarautz, 1997). Atsegin ditu harrijasotzea eta eskubaloia, eta aise mintzatzen da gai horien jiran. Baita lehiatu ere; zarauztarra bi kirol horiek uztartzen ari da urtea joan, urtea etorri, eta bere bidea egiten ari da pixkanaka. Zarautz Kirol Elkarteko elastikoa soinean, grina du emaitzen oinarri.

Hori da edozein kiroletan ondo aritzeko eskatzen den gutxienekoa, eta halaxe da Olaizolaren kasuan ere. Urrutira joan gabe, bigarren izan zen joan zen igandean Usurbilen jokatutako Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketan, Mikel Lopetegi Urra’ txapeldun eta hautagai nagusiaren atzetik: “Oso gustura nago. Espero gabeko postua lortu nuen sailkapenean”.

Hamar arroako (125 kilo) koparekin, bederatziko (112,5 kg) kubikoarekin eta zortziko (100 kg) bolarekin aritu ziren harrijasotzaileak, eta maila ona eskaini zuen Olaizolak. Haren esanetan, nahi bezala prestatzeko denborarik izan ez duten arren, balorazio ona egiten du txapelketaz, “etxeko lanetatik gertu” aritu delako.

Eskubaloian ere sasoiko aritu da Zarauzkoa. Herriko taldean ari da Olaizola, Zilarrezko Mailako taldean, eta ligako goleatzailerik onena izan da amaitu den denboraldian: “Pixka bat, taldea bizkarrean hartzea egokitu zaigu. Niri pertsonalki ondo atera zaizkit gauzak, eta helburua lortzeko zailtasunak izan ditugun arren, alde horretatik urte ona izan da”.

Izan ere, mailari eusteko borroka betean izan da Amenabar Zarautz. Olaizolaren arabera, ez da harritzekoa lehia horretan aritu behar izatea: “Azken finean, liga semiprofesionala da, eta gurean inork ez du kobratzen. Aurten zaila zegoen kontua, mailari eusteko aukera gutxirekin, baina kasualitatez pandemia agertu zen eta alde horretatik onura egin zigun, mailari eutsi geniolako”.

Etxean sortutako zaletasuna

Xabat Olaizolak gazterik jaso zuen harri bat estreinakoz. Lehengusua du Urra igandeko irabazlea eta puntako harrijasotzailea, eta alboan bizitzeak egin die horretarako bide, “erronkan” aritzen baitziren bien aitekin batera: “Behin Izetara bizikletaz joan eta bi semeak bi aiten aurka harri jasotzen aritu ginen. Gero, igande goizetan joaten hasi ginen, eta halaxe hasi ginen”.

Olaizolak eskubaloiarekin uztartzen segi zuen bitartean, Lopetegik harriari heldu zion orobat. Hala jardun dira gaur egun arte. Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II. aren eskolakoak dira biak: “Guri ateak ireki zizkiguna izan zen, eta ordutik bera aritu da gurekin entrenamenduro. Baita orain ere; trukean ezer jaso gabe aritzen da gurekin lanean, erakusten. Laguntzeko prest dago beti”.

Hala, urteetako lan horrek fruituak eman ditu Izetaren eskolan, ez baitira gutxi azken urteetan harrobi horretatik ateratako harrijasotzaileak: “Gazte asko dago. Harri batzuk kiroldegian daude, eta beste batzuk Izetan bertan, eta txapelketaren arabera joaten gara batera edo bestera”. Etxean piztutako grinari ate bat zabaldu zion Izetak, eta lan horren emaitzak ikusten ari dira, besteren artean, baita Olaizolaren kasuan ere.

Eskubaloian, “polita”

Pandemiak erabat baldintzatu ditu herri kirolak, eta zer esanik ez eskubaloia, sasoia kolpetik amaituta. Hurrengo denboraldiari begira “itxaron” egin behar dela uste du Olaizolak: “Ea zer neurri hartzen diren, nola eramango duten txapelketa… Baina uste dut urte polita datorrela. Ahalik eta azkarren mailari eutsi eta hortik aurrera ea zerbait polita egin dezakegun.

Gazteekin aritzeak, “atsegin”

Olaizola psikologia ikasketak egiten ari da unibertsitatean. Azaldu duenez, hezkuntza munduan aritzea egingo litzaioke interesgarri: “Gazteagoak garenean arlo horretan apur bat galduta erabiltzen garela iruditzen zait, eta hori konponduz, orientatuz, aritzea gustatuko litzaidake”.