“Nahikoa? Ez, ez da nahikoa, baina oso pozik gaude”, esan du Zarautz Eskubaloiko zuzendaritzako kideak, Lizardi eta Aritzbatalde artean udalak egingo dituen kirol pistei buruz. Izan ere, “pistak beti dira onuragarriak, ez bakarrik guretzat, baita saskibaloikoentzat eta areto futbolekoentzat ere, denok ari baikara hazten”.

Zarauzko Udalak ostegunean iragarri zuen kirol pabiloi berria egingo duela Lizardi Institutuko patioan. Hala, bi pista berri izango dituzte kirolariek herrian. Proiektu horrekin “oso pozik” daude Zarautz Eskubaloia elkartean, Inma Saenz de Santamaria zuzendaritzako kideak HITZAri azaldu dionez.
Hain zuzen, eskubaloikoak dira espazio aldetik larrien dabiltzanak, eta urteak daramatzate pista gehiago eskatzen. Horregatik daude gustura udalaren erabakiarekin. “Ez da nahikoa, baina oso pozik gaude. Ea etorkizuneko proiektua den eta ez den erdizka gelditzen”, esan du Saenz de Santamariak. Behar guztiak asetu ez arren, arindu egingo du eskubaloikoen egoera. “Datorren denboraldirako infantil nesketan 20 laguneko sei talde atera ditugu, eta ez ditugu gehiago atera, ez daukagulako tokirik”, azaldu du.
Herritik kanpora ere bai
30 taldetik gora ditu eskubaloi elkarteak, eta guztientzat tokia izateko Orokieta eta Antoniano erabiltzen ditu, Aritzbataldez gain. “Guretzat ezinbestekoa da pistak edukitzea behar bezala entrenatu ahal izateko. Amenabar eta Aiala, esaterako, semiprofesionalak dira, egunero entrenatzen dute, eta horiek tokia behar dute”.
Itxaropentsu daude: bai urtebete-bi urteren buruan Lizardiko pistak izango dituztelako, bai “Salbatore Mitxelena Ikastolak agian pista bat estaliko duelako”. Pista berriak egiteak kirol gehiagori ere ekarriko dizkio onurak, Saenz de Santamariaren ustez: “Denontzat dira onuragarriak: guretzat ez ezik, baita saskibaloikoentzat eta areto futbolekoentzat ere, denok ari baikara hazten”.
Bien bitartean, herritik kanpora ere jo behar izan dute: “Getariako pista erabiltzen hasiak gara, bestela ezin dugulako”, jakinarazi du. Gainera, “Orion lau talde atera dira, eta horrek pixka bat lasaitu du gure egoera”.