Munoaundi eskubaloi taldea sortu du Nagore Silvanek, Azkoitian. Oraingoz, gazte talde bat entrenatzen hasi da, eta, datorren ikasturtean, eskoletan irakasten hasteko asmoa ere badu. Herrian eskubaloirako afizioa sortu nahi du.

Munoaundi eskubaloi taldeko kideak, Bera Berako Alicia Fernandezekin, Donostian. (Nagore Silvan)

Futbola, saskibaloia edo pilota. Denetarik egiten da Azkoitian, baina bada hainbeste praktikatzen ez den kirol bat: eskubaloia. Aspaldidanik hori ezin ulertuta dabil Nagore Silvan. “Lepazpin eskubaloi taldea dago, Elgoibarren ere bai, Zumaian, Zarautzen… Eta Azkoitian eta Azpeitian ezer ere ez. Ikaskiroleko ekintzetan ere ez da lantzen. Eta zergatik ez? Herri askotan esaten den moduan, hemen ere esaten dute: ‘hala izan da beti’. Eta ni horrelako erantzunekin normalean oso errebeldea naiz. Hala izan da, baina aldatu beharko da, ezta?”. Pentsatu eta egin. Munoaundi eskubaloi taldea sortu du Silvanek.

Legazpiarra da izatez, baina, egun, Azkoitian bizi da. 8 urte zituela hasi zen eskubaloia praktikatzen. Urtebetez Ohorezko Mailan aritu zen, baina taldea desagertu egin zen, diru faltagatik. Eta lanean hasi zenean, 22 urterekin, utzi egin behar izan zuen eskubaloia. Nolanahi ere, bizitakoak marka utzi dio: “Esperientzia ikaragarri polita bizi izan nuen, eta hori guztia transmititu nahi diet gazteei”.
Aspalditik buruan zerabilen ideia parkeko elkarrizketa batean indartu zen. Eskubaloian ibilitako bat baino gehiago elkartu ziren, eta hantxe erabaki zuen taldea sortuko zuela. “Elkarrizketa horren ostean, lanean hasi ginen. Uda baino lehen izan zen hori, eta harremanetan jarri nintzen inguruko eskubaloi taldeekin. Nik lehenbailehen egin nahi nuen, pentsatu gabe”.

“Nahiko saltsera” denez, Bidasoa taldearen webgunera idatzi zuen. “Gure asmoa zein zen kontatu nien, eta bi egunetara deitu egin zidaten. Saltoka hasi nintzen. Oso kontaktu garrantzitsua da guretzat; ez bakarrik Bidasoa delako, oso harreman ona eta probetxuzkoa egin dugulako baizik. Gauzak asko errazten dizkigute, zalantza asko argitu…”. Azaroan, esaterako, Floreaga ikastetxean izan ziren eskubaloiko jardunaldi batzuk ematen, eta Xabier Munibe ikastolan gauza bera egiteko asmoa dute.

Silvanek argi du herrian eskubaloirako afizioa sortuko bada, eskubaloia ekarri egin behar dela. “Gu has gaitezke entrenamenduak egiten, baina umeak ez badu eskubaloia ikusten ez du jakingo zer den. Telebistan oso gutxitan ematen dute. Orduan, ekarri egin beharko genukela pentsatu nuen”. Horregatik, eskubaloi partida bat antolatu dute herrian.

Urtarrilaren 14an izango da egun handia. Goizean, Ikaskirolen eskubaloia landuko dute, eta, arratsaldean, Bidasoako lehen taldeak jokatuko du Espainiako Bada Huesca taldearen aurka. Bidasoakoek doan etorriko zirela esan ziotenean, ezin zuen sinetsi Silvanek: “‘Hau gezurra da’, esaten nuen”. Udalari egin zion proposamena orduan, eta baietza jaso zuen. Elkarguneko pistan jokatuko dute partida, eta bertan ateratako dirua Munoaundirentzat izango da.

Taldearekin abian

Pixkanaka ari dira eskubaloia herrira ekartzen, eta dagoeneko talde bat ere osatu dute. DBH3, DBH4 eta batxilergoko jendeak eman du izena; guztira, 24 neska eta bi mutil. Jendea animatu zela ikusita, haiek entrenatzen hastea erabaki zuen Silvanek. “Hasierak beti dira konplexuak: entrenatzeko lekua falta dela, mesedeak eskatu behar dituzu, ez duzu baloirik, ezta dirurik ere… Hori bai, sekulako ilusioa dugu”. Nerea Etxanizek eta Eli Alberdik laguntzen diote zeregin horretan Silvani.

Gehienak emakumeak diren arren, Silvanek argi dio: “Hau ez da nesken kluba”. Mutilek eta neskek elkarrekin entrenatzen dute oraingoz, “inolako arazorik gabe”. Hori bai, datorren urtean talde federatua sortzeko asmoa dute, DBHkoa, eta hor ezingo dute mutilek jokatu. “Mutilek agian beste talderen batera joan beharko dute. Agian, Munoaundi taldean ezingo dute jokatu, baina esaten diet etortzeko eta entrenatzeko, momentuz gustura dabiltza eta”. Urtarrilean lagunarteko partidak jokatzen hasiko dira, eta, datorren ikasturtean, eskubaloia irakatsiko dute Ikaskirolen. Hain justu ere, taldeko kideak ariko dira begirale lanetan.

Kirola lan fisikoaz harago doan zerbait dela uste du Silvanek, eta, horregatik, taldea elkartasun ekintzetan parte hartzen hasi da. “Kirola eta elkartasun ekintzak uztartu egin behar dira. Denoi gustatzen zaigun zerbait egiten ari garenean, taldea sortzen da, eta talde horrek beste dinamika batzuetan parte hartzea nahiko nuke”. Joan den larunbatean, esaterako, Lezon izan ziren gaixotasun arraroak dituztenei laguntzen. “Horrelakoak egitea oso positiboa da. Multzo polit bat sortzen denean, konexio oso ona lortzen duzu, eta talde lanak funtzionatu egiten du. Eta horrek gero eskubaloian eragina dauka. Bizitza filosofia bat da”.