Hitzan argitaratua. Irakurri originala>>

Amenabar Zarautz taldea (Aitor Loidi).

Liga hasiera zail samarra tokatu bazaie ere, Aitor Urbitarte Txangurro entrenatzailea itxaropentsu dago.

Zarauzko Eskubaloiko gizonezkoen taldeak ekin dio denboraldiari. Amenabar Zarautzen aurtengo helburua maila mantetzea da, eta «ahal bada, etxeko lanak ahalik eta azkarren egitea, estuasun gutxiago izateko», zehaztu du Aitor Urbitarte Txangurro entrenatzaileak. Duela bi urte azken jardunaldian salbatu ziren jaitsieratik, eta aurreko denboraldian bi jardunaldiren faltan: «Ea aurten lasaiago eta hobeto ibiltzen garen, sailkapeneko erdialdean kokatuta».

Taldeak horretarako esperientzia baduela dio Txangurrok, nahiz eta hainbat jokalariren bajak izan dituzten. Taldeko iazko goleatzaile Ander Torrikok Benidorm taldearekin jokatuko du aurten, eta Jurgi Ondarra, Julen Agirregomezkorta eta Ander Garatek eskubaloia utzi dute. Multzoa indartze aldera, «jubeniletako belaunaldi ona» aprobetxatu dute, eta Eneko Goenaga, Mikel Amilibia eta Oihan Balentziaga jokalariak igo dituzte lehen taldera. Horrez gain, Gorka Berridi eta Jokin Bujanda itzuli dira.

Egutegi nahasia

Partiden egutegia «pixka bat nahasia» egokitu zaiela iruditzen zaio: «Hasiera zail samarra dugu. Hurrengo partidak Ciudad Real, Alcobendas eta Bartzelonaren aurka ditugu, eta tartean Teucrorekin neurtu beharko ditugu indarrak, kopan. Talde indartsuak dira, baina denboraldiaurrea ere halaxe prestatu dugu, sendo ekiteko». Amenabarreko entrenatzailea baikor dago, denboraldian zehar ongi aritzeko itxaropenarekin. «Hasiera garrantzitsua izaten da, eta aurreneko partidetan puntuak lortzen hasten bagara, agian helburu hobeagoak finkatu ditzakegu».

Amenabar Zarautzek 25-20 garaitu zuen Cajasur Cordoba, ligako lehen hitzorduan. Lehia parekatua izan zen Txangurroren mutilen eta Andaluziakoen artean. Atsedenaldira gol bateko aldearekin iritsi ziren etxekoak, baina bigarren zatian alde hori areagotzeko gai izan ziren, norgehiagoka irabaziz. Igande honetan, bigarren jardunaldian, Alarcos Ciudad Realen aurka lehiatuko dira; Quijote Arenan jokatuko dute, 12:00etan hasita.