Hitzan argitaratua. Irakurri berria Hitzan >>

Aritz Mutiozabal 2016-09-06 19:18  

Zarauzko Eskubaloiak aurten lehiatuko diren gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeak aurkeztu ditu, Aritzbatalde kiroldegiko kantxan.

Zuzendaritzako kideez gain, Gipuzkoako Kirol zuzendari eta Kirolgiko arduradun Goizane Alvarez eta zarauzko Kirol zinegotzi Iban San Martin izan dira ekitaldian.

Amenabar Zarautz
Igandean izango dute ligako lehen partida, etxean. 12:00etan jokatuko dute Cajasur Cordobaren aurka. “Hasiera batean, ez da talde gogorra. Plaza erosi du, eta sailkapeneko beheko postuetan ibiliko da gurekin batera. Partida garrantzitsua da, eta horregatik igandean jarri dugu. Euskal Jaiekin bat egiten duen arren, egin dugun lanarekin partida aurrera atera dezakegula”, azaldu du Aitor Urbitarte Txagurroentrenatzaileak.

Taldearen helburua maila mantetzea da, eta ahal bada, “etxeko lanak ahalik eta azkarren egitea”. Ander Torriko, Jurgi Ondarra, Julen Agirregomezkorta eta Ander Garateren bajak izan dituzte, eta multzoa indartzeko jubeniletatik Eneko Goenaga, Mikel Amilibia eta Oihan Balentziaga jokalariak igo dituzte, eta Gorka Berridi eta Jokin Bujanda itzuli dira taldera.

Aiala Zarautz
Ohorezko mailan ikasitako guztia praktikara eraman nahi dute aurten emakumezkoek. Taldea aurreko denboraldian baino ilusio handiagoarekin ikusten duela nabarmendu du Martin Larrañaga entrenatzaileak: “Gauzak politak lortu ditzakegula nabari dut”. Lauzpabost baja izan dituzte, eta multzoa jubeniletatik igotako bost jokalarirekin sendotu dute: Bidane Salegi, June Agirrezabalaga, Maialen Urresti, Izei Permach eta Haizea Aldalur.

Helburua “partida guztiak irabaztea” izango dela entrenatzaileak. Aurten talde prestatuagoa dagoela gaineratu du, “jakin badakitelako Ohorezko mailan jokatzea zer den”. Euskadiko Kopako kanporaketa jokatuko dute asteburu honetan, San Adrianen aurka. Ligari, berriz, hilaren 17an ekingo diote, eta lehen partidan ere San Adrian izango dute aurkari, etxetik kanpo; etxeko lehen partida hilaren 24an jokatuko dute, Ermuaren aurka.

 

 

Ikusi argazki guztiak handiago