Irakurri ZarauzkoHitzan >>

AIALA_ZARAUTZ_content

Aiala Zarautzek agur esan zion larunbatean Ohorezko Mailari. (Luis Epelde)

Ohorezko Mailari ezin izan dio eutsi Aiala Zarautz eskubaloi taldeak, baina jokatzeko
moduan aurrerapauso nabarmena eman dutela dio Martin Larrañaga entrenatzaileak.

Azken partida irabazita, aurpegi alaiekin eman diogu agurra Ohorezko Mailari». Aritzbataldeko harmailak beteta, Carobel Ule Cleba Leon taldea mendean hartu zuen Aiala Zarautzek larunbat arratsaldean, 37-32ko emaitzarekin. «Denboraldia luzea izan da, baina, era berean, motz geratu zaigu», dio Martin Larrañaga entrenatzaileak. «Azkeneko partidetan hasieran baino hobeto ibili gara, nahiz eta  liga hasieran partidaren bat edo beste irabazteko aukera izan genuen. Liga orain hasiko balitz, emaitza beste bat izango zela uste dut».

Jakin bazekiten denboraldi zaila izango zutela, eta aurreikusitako modukoa izan dela dio entrenatzaileak: «Ahalegin handia egin dugu, eta asko hobetu dugun arren, ez da nahikoa izan  mailari eusteko». Urte osoan hiru garaipen lortu ditu Aiala Zarautzek; duela hiru hamarkada, estreinakoz maila horretan izan zirenean, puntu bakarra lortu zuten, partida bat berdinduta. «Iaz bi partida bakarrik galdu genituen denboraldi osoan, eta egun batetik bestera hiru bakarrik irabaztera pasatu gara», gogora ekarri du Larrañagak. Alde horretatik, gogorra izan da, «astero entrenatzeko motibazioa bilatu behar izan dugu». Aurpegi ona jarri eta alde positiboak bilatzen saiatu dira jardunaldiro, eta, zentzu horretan, «nekagarria» egin zaie: «Astero erronka handi bat geneukan aurrean».

Aurkari zuzenei irabazita mailari eusteko aukera izan zezaketela iritzi dio Aialako entrenatzaileak. «Nik uste dut haiei irabazteko gai bagarela. Kontua da partida asko galtzen zoazenean, irabaztera joan behar duzun hori irabaztea zaila izaten dela». Dinamika negatiboan murgiltzeaz aparte, aurkari zuzenei irabazi beharreko presioak asko eragin die. «Adibidez, Oviedoren aurkako partidak irabazteko grina handiagoa geneukan beste partidekin baino, eta gure partidarik txarrenetarikoak izan ziren. Eta aurkaria ez da gu baino gehiago, baina gu geu izan gara gure buruaren arerio».

Aurkari zuzena Oviedo baldin bazuten ere, beste bi talderekin ere aurrez aurre borrokatzea espero zuten: «Elxeren aurkako bi partidak irabazteko aukera izan genuen, baina ez genuen lortu. Granollersi etxeko partidan irabazi genion, baina haien kantxan kale egin genuen. Horiek irabazi eta ondoren parekatuta ibili ginen, beste pare bati irabazi izan bagenio, nahiko izango zen mailari eusteko. Ez dut uste aurkari horiek baino gutxiago izan garenik».

Partida gakoa
Oviedoren aurka galdu zuten lehen partida izan zen gakoa taldearentzat. «Partidak galtzen ari ginen, baina gure aurkari zuzenaren aurka galdu genuenean, kategoriari eustea zaila ikusi nuen. Une horretatik aurrera txipa aldatzen hasi ginen guztiok, eta harrezkero, mailaz gehiago gozatu dugula esango nuke».  Lesioak ere izan dituzte, baina Larrañagak ez dio errurik bota nahi horri. «Hasieratik bagenekien lesioak izango zirela, nahiz eta ez jakin nor eroriko zen. Izan ditugun lesioak inportanteak izan diren arren, ez dut uste eragin zuzena izan duenik maila galtzeko orduan».

Jarraitzaileen beroa eta babesa une oro izan dituzte, eta biziki eskertuta dago taldea. «Gure artean ere hitz egin izan dugu horretaz. Taldeak bazekien etxeko partidetan bereziki borrokatu behar zuela, publikoak asko laguntzen duelako, baina baita publikoari eskertu nahi geniolako beti gurekin egotea ere».

Mailaz jaitsi badira ere, Larrañaga oso harro dago talde osoak eman duen maila onarekin. «Ikusi besterik ez dago iaz nola jokatzen zuen taldeak eta aurten nola jokatu duen. Jendea bera da, baina sekulako jauzia eman dute. Tamalez, liga batek ez du gezurrik esaten, eta ez gara iritsi bertan jarraitzeko behar den adinera». Aurtengo «gauza positiboena» taldeak eman duen aurrerapausoa dela dio, eta «hori klubarentzat oso aberasgarria da».

Zarauzko Eskubaloiak Berehala gatoz izeneko oharra kaleratu du aste honetan, kluba lanean dela «hurrengo igoera ez dadin gehiegi luzatu» esanez, besteak beste. Urtero «egoera ezberdina» izaten dela dio entrenatzaileak, eta ikusi egin beharko dela datorren denboraldian zer gertatzen den, «baina guk nahi duguna da taldeak hartu duen joko maila ez jaistea. Hori da gure helburua datorren denboraldiari begira. Taldeak dinamika bat hartu du, lan egiteko eta jokatzeko modu nahiz intentsitate bat, eta hori ezin dugu galdu. Horri eutsiz gero, Zarautzek beti izango luke talde lehiakor bat, maila batean zein bestean».

Hasiera batean taldean aldaketa gutxi espero dituzte datorren denboraldiari begira, hiru jokalarik utzi dute —Irati Eizagirre, Maialen Fernandez eta Maite Alcobak— eta horiei agurra egin zieten larunbateko partidan. Hala ere, multzo sendoak aurrera jarraituko du.