Sasoian argitaratua Ikusi berria
Duela 32 urte bizitakoa itzuli da jokalari ohien erraietara
Urola Kostako Hitza. Zarauzko eskubaloi taldeko emakumezkoak beste behin aritu dira Ohorezko Mailan.1983an lortu zuten igoera, eta denboraldia bakarra egin zuten gorengo mailan. «Partida bat berdindu genuen, eta beste guztiak galdu», gogoratu du Tere Lopetegijokalari ohiak. «Baina satisfazio hori betirako gelditu zen gurekin». Gainera, beraiek lortu zuten aurten Aialakoek lortu ez dutena: Espainiako txapeldunak izatea (Aialakoak txapeldunorde gelditu dira). «Igande gauean, txantxetan, hori esan genien gazteei, guk bakarrik dugula titulu hori». Lopetegik eskubaloi elkartean jarraitzen du gaur egun ere. Nesken bigarren taldeko deleatua da, eta beraz, ondo ezagutzen ditu jokalariak eta egin den lana. «Entrenatzaileak lan bikaina egin du talde izaera indartzen, jokalari guztiek jokatu dute, eta talde bat lortu du; denek elkarrekin ondo uztartuta».
Oviedon izan zen Lopetegi ere Aiala Zarautz eta Sporting La Riojaren artekoa ikusten. «Parekatuta aritu ziren partida guztian zehar, eta niretzat aldaketa etorri zen gure bigarren atezainak gure kontrako penalti jaurtiketa bat gelditu zuenean azken minutuetan. Une horretatik aurrera gure jokalariak indartu egin ziren, afizioa ere bai, eta gora egin genuen».
«Hunkigarria izan da dena. Guk bizitakoa berritu dugu emozionalki, oso-oso polita izan da», azaldu du Lopetegik. 1983an igoera lortutako beste jokalari batzuk ere Oviedon izan ziren, eta igande iluntzean ederki ari ziren gozatzen festaz Zarautzen. Mari Karmen Andonegi, Amaia Balentziaga eta Elisa Martinez pozez gainezka zeuden, eta oroitzapenak berriz bizitzen. «Oso pozik gaude, 32 urte geroago erreleboa eman diegulako gazteei. 32 urte iraun digu pozak, eta ederra da orain txanda pasatzea belaunaldi berriari», esan zuten.
Beraiek madrildarren kontra jokatu zuten finala. Eta tanto baten aldearekin irabazi. «Haiek pentsatzen zuten erraz irabaziko zigutela, jokalariak batetik eta bestetik ekarrita zituzten taldera, baina gu ahal genuena egitera joan ginen, eta irabazi egin genuen». Igande iluntzean bezala, orain 32 urte ere egin zieten harrera Zarautzen. «Elkarteko mutilak loreekin etorri zitzaizkigun plazara, ospatu genuen orduan ere». Lopetegiren ustez, zortea izan zuten 1983ko lorpenean. «Madrildarren jokalari onena lesionatu egin zen, guk eutsi egin genien, eta azken segundoetan gure zentralak sekulako jaurtiketa egin eta tantoa egin genuen. Negarrez hasi, eta Zarautzeraino hala etorri ginen».
