“Arratsaldeko zazpiak jotzera doaz.  Bordileseko aldageletan gaude mugikorrak esku artean ditugula. Geldi egon ezinik. Urduri. Aldatzeko garaia da baina gure buruak ez daude ondoren jolastu behar dugun partidan, Pozoblanco eta Adelma Sinfín taldeen arteko partidan baizik. Pozoblancok irabaziz gero, Asobal ligara igotzeko faserako sailkatuak egongo gara. Pozoblanco aurretik da markagailuan baina partida osoluzea egingo zaigu. Web orrialdea hainbestetan aktualizatu dut mugikorra sutan dudala jada. Minutuak pasa ahala Pozoblancoren errenta handitzen doa. Orain dela hilabete batzuk ametsa zirudiena egi bihurtzera doala dirudi. Hotzikarak ditut gorputzean. Pertsona, une, emozio… asko datozkit gogora.

DSC00001

Gogoan ditut denboraldi hasieran taldea ateratzeko izan genituen zailtasunak. Zailtasun ekonomikoak. Oztopoak. Baina batez ere gogoan dut Zarauzko Eskubaloi Elkartea osatzen duten denek egindako lana. Kirol bat maitatzen duten eta musutruk lan egiten duten lagun taldea. Familia bat. Hainbat eta hainbat bolondresek osatutako familia: direktiba, entrenatzaile, delegatu, mediku, zale, jokalari… Oztopoen aurrean, elkartu, ideia berriak sortu eta etsitzen ez den familia.

Gogoan dut aurredenboraldia. Abuztuko egun eguzkitsuetan egindako korrikaldiak. Astira joan-etorri luzeak. Itsasmendiko pistan egindako serie bukaezinak. Zarautz-buelta. Malekoiko jendearen begiradapean batzuek egiten zituzten erritmo aldaketekin sufritzen nuena ere gogoan dut. Korta eta Mendik egindako indar zirkuituak. Baina batez ere gogoan ditut aurredenboraldiko saio gogor horiek bukatu ostean, garagardo hotza eskuan, guztiok elkartuta igarotzen genituen une alaiak.

Gogoan ditut egindako entrenamendu mordoxka. Lanetik atera eta entrenatzera joan beharra. Gogoan dut nire taldekideek, kanpoan ikasi edo lan egin arren, entrenamendura joateko egiten duten esfortzua. Baina batez ere gogoan ditut eskubaloiak alaitzen dizkidan egunak, nire taldekideek alaitzen dizkidaten egunak eta eskubaloira jolasten gozatzen dudana.

Gogoan dut ia astebururik libratu ezin izana. Neska-lagun edo lagunekin asteburuko planik egin ahal ez izatea. Baina batez ere gogoan dut neska-lagun, lagun eta familia beti ondoan izatea. Gure ordutegietara moldatzen direnak. Gure buruhausteak jasaten dituztenak. Une zailetan animatzen gaituztenak.

Gogoan ditut autobusean igarotako ordu luzeak. Bidaia bukaezinak. Lo egin ezina. Gau osoa bidaiatzen igaro eta etxera egun argiz iristea, bidean Txanela itxi dutenekin gurutzatzen naizen bitartean. Baina batez ere gogoan ditut autobusean jai giroan igarotako uneak. Karta saioak. Zizka-mizkak. Batera kantatzen pasa ditugun orduak eta orduak. Gure hizketaldi sakonak.

Gogoan ditut jokatutako partidak. Garaipenak. Porrotak. Gozatu eta sufritu duguna. Baina batez ere gogoan ditut  partida baino lehenagoko urduritasunak, haiek jokatzeak sorrarazten didan adrenalina. Etxeko partiduak. Zaleak. Partiduro-partiduro harmailak goraino bete eta etengabe animatzen gaituztenak. Partiduro-partiduro oilo-ipurdia jartzen diguten zaleak. Gogoan dut Indar Zarautz Hintxa talde gaztea ere, aurtengo denboraldian indarrez bete gaituena.

Gogoan ditut orain arte gurekin bidea egin dutenak eta orain kanpotik jarraitzen gaituztenak. Bidea erakutsi zigutenak. Igor, Moreno, Julen, Oliden, Uranga, Faus, Butu, Aritz, Joselu, Alex, Urko, Beizama, Sanse eta abar luze bat. Taldea bideratu zutenak: Inhar, Ruso, Leta…Guzti hau urtetako lanaren ondorioa baita. Gogoan ditut gure jarraitzaile sutsuak. Kanpoko partiduetara bidaiatzera animatu direnak: Sabin, Plako, Javi eta konpainia. Atzerritik jarraitzen gaituztenak ere gogoan, Epelde eta Contrerasen moduan. Orokorrean gogoan ditut gure ibilbidea jarraitu eta gutaz interesatu diren guztiak.

Baina batez ere gogoan dut nire taldea. Aurtengo denboraldian gozatu duguna, amets hau lortzeko egindako lana. Lagun talde handi bat izan garela. Gure artean egondako giro bikaina. Pista barruan nahiz kanpoan zein ondo ulertu garen. Kanpotik etorri direnak taldera zein ondo egin diren. Gazteek denboraldian zehar izan duten progresio aparta. Gogoan dut egin dugun kalitatezko eskubaloia. Txangurro buru. Taldeari zukua atera diona. Partidak maisuki prestatzen dakiena. Ikusi behar ditugun, baina ikusten ez ditugun bideoak azaltzen dizkigunak. Taldea ederki bideratu duena. Josu Balenziaga. Bere burua bigarren plano batean jarrita lan eskerga egiten duena. Beti laguntzeko prest dagoena.  Eskubaloian aditua. Bernar. Delegatua. Gure bigarren aita. Momentu oro gu zaintzen gaituena. Otxo. Kapitaina. Talde gazte honi oreka eman diona. Gogoan ditut nirekin amets hau bizi izan duten taldekide guztiak. Onenak zeate!!DSC00015

Eta bai. Asobal ligara igoera fasea jolastuko dugu. Lortu dugu. Bidea zoragarria izan da baina bidea egiten jarraitu nahi dugu. Amesten jarraitu nahi dugu zuekin batera.

Zazpi eta erdiak dira jada. Berotzeko garaia iritsi dela dirudi. Zarauzko kamiseta jantzi eta banoa gustukoen dudana egitera: eskubaloian jolastera.”

DSC00012

Bordilseko kantxan partidua baina lehen Montetxio koroa eta Pirritx eta Porrotxekin.

 David Aguirrezabalaga