2015-2016 denboraldia bere azkenak ematen ari da. Eta nola !!

Ez da erraza denboraldi osoak eman duena lau hitzetan laburbiltzea. Ez da erraza hainbeste talde, lorpen, garaipen eta abar aditzera ematea. Baina gure harrotasunari, gure merezitako harrotasunari “goxatu” bat noizbait ematea ere ez da txarra izaten.

Lorpen handiena, hor ez dago zalantzarik, 537 neska-mutil eskubaloiaren dantzan jartzea izan da, 31 talde, bere entrenatzaile, delegatu, erropa, aseguru, fitxa eta gainontzeko beste guztiarekin. Gero dantza egitea erraza dela dirudi, baina aurretik urratsak irakasteaz, musikaz eta beste horietaz guztietaz norbaitek arduratu behar du, ez da ?.

Entrenatzaileek aipu berezia merezi dute. Urte osoa beraien lana goraipatzen egongo bagina ere, ez litzateke nahiko izango. Lerro hauetatik, berriro ere eskerrik asko. 537 neska-mutil horien izenean, mila esker.

Gaztetxoenen taldeak gauzak oso ondo egin dituzte, eta etorkizuna bermatuta daukagunez ez dugu kezkatu behar. Emaitzak baino, gozatzea da garrantzitsuena (hori gabe ez dago ezer), eta aldi berean garatzen ari diren kirol ibilbidea zuzena izatea. Bide batez, herrriko hainbat bazterretan zenbat baloi txiki ikusten diren orain, ez da ?

Oinarria ordezkatzen duten errendimenduko taldeen emaitzak “jo eta ma” geratzeko modukoak izan dira. Hasteko, bai mutiletan eta bai nesketan, Euskadiko Elkarte onenaren saria jaso genuen. Mutiletan ikaragarria izan zen (51 puntu, gehienez 56 atera zitezkeenean, bigarrenari 15 puntu atereaz), eta nesketan ere ia beste hainbeste (47 puntu, bigarrenari 9 puntu atereaz).

Gero, Euskadiko txapelketetan, 3 garaipen izan genituen (lautik), eta bestean hirugarren geratu ginen. Ondoren, jubenil neskek Vigoko Sektorean ezin izan zuten aurrera egin. Bai aldiz mutilek Zarautzen irabazi eta gero, eta Alcobendasen estatuko laugarren izatera iritsi dira (Granollers, Barça eta Montequintoren atzetik). ZKE-ko mutilek historian zehar lortu duten emaitzarik onena izan da, izugarrizko marka.

Kadeteek datorren asteburuan jokatuko dituzte beraiei dagokien Sektoreak, mutilek Zarautzen, eta neskek Burlatan. Eta aurrera egin ahal izatea ez dute baztertzen. Bitartean neskek, bertara gonbidatuak izan eta gero, Errege Koparen baitan antolatutako Minikopa irabazi dute Iruñean, inoiz ahaztuko ez duten asteburu ederra igarotzeaz gain.

Eta seniorretara pasatzen garenean, albo batera utzi ezin daitekeen aipamen bat baino, goraipamen bat egin beharra dago ezinbeste : nesken 3 talde senior ditugu, eta ez hala-nolakoak. Berdintasuna, emakumeen kirolarekiko iraunkortasuna, eta horrelako hitz potoloak hortik zehar erabili eta erabili ari diren bitartean, guk geurera, ekin eta kitto.

Mutiletan, bigarren taldeak, urtetik urtera gero eta gorago bukatzen ditu lehiaketak, eta laster da ate joka, 1. Estatala mailara igotzeko bidea egin nahian. Eta lehen taldeak, gure “Amenabarrek”, norgehiagoka bakoitzean behin eta berriz bihotzekoak emateko zorian uzten bagaitu ere, Zilarrezko Maila dela berea (gutxienez) erakusten ari da urtez urte. Datorren denboraldian bosgarrenez jarraian arituko da estatuko bigarrena den maila honetan (32 talde onenen artean), ZKE-k sekula lortu ez duen zerbait. Beraz, beste marka bat.

Eta orain arteko markarik handiena, “Aiala”-ko neskek aurten gauzatu dutena izan da. Ohorezko Mailan jarduteak bakarrik (estatuko 14 onenen artean), profesionalekin aurrez aurre, ikaragarria da. Beste behin bakarrik egin ahal izan dute hori neska zarauztarrek, orain dela 32 urte. Baina haiek egindako balentria hura (puntu bakar bat lortu bazuten ere), hau da, haiek jarritako marka, gainditu dute jada aurtengoek (lautik gora jasoko baitituzte denboraldi honetan gure neskek).

Hasierara itzuliz, 2015-2016 denboraldiak bere azkenak ematen ari da. Eta nola !!. Orain gauzak ahalik eta txukunen amaitzea bakarrik falta da, ez dezatela esan. Hasi gaztetxoenetatik eta markak hautsi dituzten (eta beste horien erreferentzi diren) taldeetakoetaraino. Gure izen ona azkeneraino eramaten ohituak gaude.

Bitartean, jarraitu eskubaloiaz gozatzen, eta baita garaipen eta markek dakarkiguten harrotasunari “goxatu” bat ematen. Eta ondoren, dena amaitzen denean, hasi atseden hartzen, hor bueltan daukagu eta Txaparrotan.