-
Espainiako txapelketan laugarren geratu den jubenil zein senior taldeetan jokatzen du Eneko Goenagak

Aurrera. Eneko Goenegak Zarautzen jarraituko du datorren urtean senior taldearekin. / UNCITI
Eskubaloian jokatzen du Eneko Goenagak, zarauztar gazte askok bezala. Jubenil taldearekin laugarren postuan sailkatu dira Espainiako txapelketan eta berak jokalari onenaren saria jaso du azken partidan. 18 urtekoak Amenabar ZKE senior taldeari ere lagundu dio maila mantentzearen helburuan.
-Igandekoa egun oso berezia izan zen Zarauzko eskubaloi familia osatzen duzuenontzat, arrazoi desberdinengatik gainera. Nola dago herria?
-Nik uste dut oraintxe bertan Zarautzen eskubaloiak indar oso handia daukala. Jendea aurrera ateratzen ari da eta emaitza onak lortzen ari dira. Horrek animo gehiago ematen dizkio jendeari.
-Alcobendasetik iristerakoan sorpresa aurkitu zenuten…
-Bai, Amenabarko jokalariak, kadete neskak eta gure guraso zein lagunak Aritzbatalde ondoko errotondan bildu ziren harrera egiteko. Momentu hunkigarria izan zen, giro oso polita sortu zen. Ohikoa den bezala, errotondari buelta eman genion eta bertakoak pasillo modukoa egin ziguten, txalo eta besarkaden artean. Bertan zeozer hartu genuen denok elkarrekin, baina goiz etxera hurrengo egunean astelehena zelako.
-Guzti hau ezin da kasualitate hutsa izan. Non dago arrakastaren sekretua?
-Ez dakit, nik uste dut txiki-txikitatik lanean hasi ginela eta taldea ez da asko aldatu. Aurreko hiru urteetan ere ia-ia pasa ginen, alegia, fase finalaren atarian bigarren geratu gara hiru urtez jarraian, eta bi edo hiru golen aldearengatik. Aurten lortu dugu azkenean.
-Nola lantzen da Zarauzko harrobia?
-Txiki-txikitik entrenatzaile asko daude eta jendeak jarraitzen du. Gainera senior mailako taldea goian dagoenez umeek ibili nahi izaten dute. Horrela sortzen da.
-Zarautzen gaur egun zale gehien dituen kirola eskubaloia dela esan daiteke?
-Bai, nik esango nuke Zarau-tzen eskubaloiak futbola baino gehiago ere mugitzen duela, jende gehiago mugitzen da eskubaloiaren inguruan.
-Denboraldi honetan jubenil taldearekin jokatu al duzu gehienbat?
-Hasieratik jubenil eta senior taldeekin aritu naiz. Gutxi gorabehera biekin berdin aritu naiz. Asteburu askotan bi taldeekin jokatu behar izan dut.
-Nola eramaten da hori?
-Beno, neketsua ere bada baina biekin aritzeko gogoak nituen eta horrek asko lagun-tzen du. Gainera giro oso ona dago bi taldeetan.
-Laugarren postuan amaitu duzue jubenilek Espainiako txapelketa. Zein zapore utzi dizue?
-Pozik gaude berez, denboraldi oso egin dugulako, baina igandekoa arantza txikia bezala geratu zaigu. Azken minutuetara arte irabazten geunden, baina berdindu ziguten. Luzapenean ere berdindu, eta penaltietan galtzeak beti ere min egiten du.
-Tira, egin duzuen bidea harro egotekoa da…
-Egia da. Ligan hasieratik ondo aritu gara, pare bat partidu galdu ditugu liga osoan zehar eta horregatik ez genuen fasea etxera eramatea lortu, baina Basaurira joan ginen eta han Euskadiko faseko txapeldun atera ginen. Ondoren Espainiako fasea Zarautzera ekartzera lortu genuen eta hortik aurrera dena nahi genuen bezala joan da. Azken asteburuan izan ezik.
-Laugarren postua eskuratu zenuten egun berean senior taldeak maila manten-tzearen helburua lortu zuen. Jakin dudanez, jokalari gazteek berebiziko garrantzia izan duzue aurten…
-Aurten jende gutxirekin aritu dira eta gu beti saiatzen gara ahal dugunean laguntza ematen. Nik aurten egin dut debuta lehen taldearekin.
-Aitor Urbitarte entrena-tzaileak esan du oso harro dagoela gazteok izan duzuen erantzunarekin…
-Tira, ahal duguna egin dugu eta berak ere meritua du. Jubenilak izanda lehen taldeko entrenatzaileak konfiantza ematen dizula ikusteak asko animatzen zaitu.
-Jokalari onenaren saria jaso zenuen azken partidan. Zure ustetan, zergatik aukeratu zintuzten?
-Ez dakit, partida txukuna burutu nuen, baina taldeko jokalari guztiek egindako lanaren saria da. Ohian Balenciagak esaterako txapelketan gol gehien egin dituen jokalaria izan da (37). Ni hirugarrena izan naiz golegileen artean (24).
-Zein postutan jokatzen duzu zuk?
-Ni berez pibota naiz. Senior taldearekin postu horretan jokatzen dut beti, baina jubenilekin pibotean ez ezik lehenengo linean ere joka-tzen dut.
-Espainiako selekzioarekin egon al zara?
-Bai, duela bi hilabete Suedian egon ginen txapelketa bat jokatzen eta ekainean Europako txapelketa dugu Kroazian.
-Hori baino lehen azken bi partidak geratzen dira senior mailan. Jubeniletan denboraldia amaitu al duzue?
-Gozatzeko partidak izango dira azken bi horiek. Jubenil taldearekin Gipuzkoako Kopan gaude sartuta eta oraindik lau partida geratzen zaizkigu.
-Eta datorren urtean zehar?
-Zarautzen geratuko naiz eta hemen jokatzen jarraitzea espero dut. Jubenil mailako bigarren urtekoa naiz, beraz hurrengo pausoa senior taldean aritzea izango zen.
