Joan den asteburuan kadete eta jubenil mailetako Euskal Ligako bigarren fasearen azken jardunaldia jolastu zen, bai nesketan, eta bai mutiletan. Eta behin jardunaldia bukatu eta gero, badakigu 4 maila horietan zein lau talde borrokatuko diren Euskadiko Txapeldun izateko, eta baita beste zein talde sailkatuko diren Espainiako txapelketetan parte hartzeko.

Mailaz maila hauek izan dira sailkatuak. Mutiletan jubenilak : Basauri, Zarautz, Ereintza eta Eibar, eta kadeteak, aldiz : Zarautz, Urduliz, Ereintza eta Elgoibar. Nesketan bestalde, jubenil mailan : Errotaberri, Zarautz, Zuazo eta Usurbil, eta kadete mailan Zarautz, Pulpo, Elgoibar eta Ereintza.

Beraz, 4 talde zarauztarrak, laurak, izango dira maila bakoitzeko “4ko finalean”. Eta zaletuen zorionerako azken sailkapenak zera ekarri du : horietatik bi Zarautzen jolastuko direla, bata martxoaren 18,19 eta 20eko asteburuan (kadete neskak), eta bestea apirilaren 8, 9 eta 10eko asteburuan (kadete mutilak).

Beste lorpen handi bat Zarautz Kirol Elkarteko eskubaloi atalarentzat, ez baitago beste talderik emaitza hori lortu duenik. Aldez aurretik Elkartekako sailkapenean Zarautz K.E. izan zen Euskadiko onena, bai mutiletan eta bai nesketan, eta orain taldeka, banaka, 4 taldeak izango dira podiumeko goren maila lortzeko borrokan. Zorionak jokalari, entrenatzaile eta atalaren txoko guztietan lan egiten ari diren guztiei, beste behin Zarautz, Zarauzko kirol eredua, eta Zarauzko gazteria mapan egon dadin laguntzen jarraitzen duzuelako. Eta beti onerako.