Hitzan argitaratua >>

Inma Saenz de Santamaria duela 37 urte etorri zen Zarautzera bizitzera, Legazpitik. Patxi Agirrezabal eskubaloi jokalari eta entrenatzaile ohiarekin ezkondu zen, eta hor hasi zen Zarauzko eskubaloian bere ibilbidea. Ondoren, seme-alabak, Inhar eta Maddi ere hasi ziren kirol hori praktikatzen. Haren familiari estu lotuta egon da beti eskubaloia. Emakumezkoak goiko mailara aurrenekoz igo zirenean, laguntza behar zutela-eta, zuzendaritza batzordean sartu zen Saenz de Santamaria. «Hiru emakume sartu ginen zuzendaritzan, kontu jakin batzuk egitera hasieran eta ondoren zabalagoak».
Urte batzuk utzita egon zen ondoren, eta duela 11 urte heldu zion berriz ere ardura horri.  «Zarauzko eskubaloiak 40 urte bete  zituen eta duela 11 urte elkartu ginen Tere, Elena eta Elisa  zuzendaritzari heltzeko. 11 denboraldi daramazkit hala elkartean», azaldu du.

Ordutik elkartea asko aldatu da haren esanetan. «Duela 11 urte 16 talde zeuden eta orain, berriz, 31 talde. Horrekin batera, haur ugari ditugu, 42na neska-mutil. Egun zuzendaritza batzorde indartsua dugu gainera: zazpi pertsonak osatzen dugu. Zentzu horretan, azken urteotan garapen handia izan du Zarauzko eskubaloiak».

Zarauzko eskubaloia «ezberdina» dela dio, «indar handia» duela herri mailan: «Niretzat oso garrantzitsua da jokalariek entrenatzaile jardutea ere. Gehienak eskoletako taldeak gidatzen dituzte. Horrek haurrak eramaten ditu entrenatzaileen partidak ikustera. Giro polita sortzen da eta kiroldegia bete egiten da seniorren partidak daudenean…».

«Aialaren igoera, gizonezkoen igoera fasea Alcobendasen… Urtero badugu zerbait eta horrek asko laguntzen du jarraitzeko», gaineratu du. «Batzuetan haserretu ere egiten zara, baina pasatu egiten da gero, une garrantzitsuak bizitzeko aukera dugulako». Saenz de Santamariaren arabera, horri esker «Zarautz bezalako herri txiki batean» goi mailako eskubaloia ikusteko aukera dago.

Euren lana da eskubaloiak aurrera jarraitzeko dela aitortu du. «Gure lana hori da, eta boluntarioen bidez egin behar da. Bestela ezinezkoa da». Horregatik, «oso gustura» dago sari hori eman diotelako. «Oso garrantzitsua da sari hau, musutruk egiten ditugulako gauza hauek. Ez da niretzat bakarrik; atzean boluntario eta laguntzaile asko eta asko daude, eta sari hau horientzat guztientzat ere bada. Ezin da hori dirutan ordaindu. Oso harro nago», dio Saenz de Santamariak.