
ARAITZ URTIAGA ETA EIDER URIA AIALA ZARAUTZEKO JOKALARIAK: “PARTIDA JOATEN UZTEN BADUZU, JAN EGITEN ZAITUZTE”
Azken postuan abiatu diozue bigarren itzuliari. Zer-nolako balorazioa egiten duzue orain artekoaz?
Eider Uria: Ohorezko Mailarekin lehen kontaktua izan da. Partida batzuk ez dira espero bezain ongi atera, baina pixkanaka-pixkanaka lantzen joango gara. Ea zer moduz ateratzen zaigun bigarren itzulia.
Araitz Urtiaga: Balentria lortu genuenean, igotze hutsarekin jada gustura geunden. Baina behin maila horretan egonda, zerbait lortu nahi dugu. Edozein garaipen txiki baloratzen eta gozatzen saiatuko ginela, alegia. Hasieran garaipen garrantzitsu bat lortu genuen, Zuazoren kontra. Espero ez genuena, nahiz eta partida guztietara joaten garen dena ematera eta azken minutura arte borrokatzera. Baina, beste partida batzuetan ez gara gai izan azken hamar minutuetan ongi jokatzeko edo partida kontrolatzeko.
Partiden azken zatietan izan al du taldeak oztopo gehien?
A.U.: Partida batzuetan, bai.
E.U.: Are gehiago maila honetan jokatuta. Partida joaten uzten baduzu, jan egiten zaituzte.
A.U.: Guk maila honetan ez daukagu esperientzia askorik, eta hori nabaritzen da. Azken minutuak kontrolatzearena, esaterako. Hori gertatu zitzaigun duela hiru jardunaldi, Oviedoren kontrako norgehiagokan. Lehia hori egutegian markatuta geneukan, eta giltzarria zen. Izan ere, gurekin batera mailaz igo zen taldea da, eta gu bezala azken postuetan zegoen sailkapenean. Oso garrantzitsua zen, beraz. Gainera, etxean jokatu genuen, zale guztien babesarekin… Neuk harmailetatik jarraitu nuen partida, eta asko gustatu zitzaidan taldekideek izan zuten jarrera eta haien jolasteko modua. Baina azken txanpan aldaketa batzuk egin zituzten Oviedokoek, eta guk ez genuen asmatu jokoari eusten. Azkenean, gol bateko aldearekin irabazi ziguten.
Orain arte partida bakarra irabazi duzue, Zuazoren aurkako hori. Bigarren itzulia lehena bezain gogorra espero al duzue?
E.U.: Espero dugu lehenengoa baino hobeagoa izatea. Konfiantza gehiagoarekin kantxaratuko gara, eta, beti bezala, guztia ematen saiatuko gara. Gainera, orain ezagutzen ditugu aurkariak.
A.U.: Martin Larrañaga entrenatzaileak beti esaten digu aurkaria ezagututa hobeto egiten dugula lan, hobeto jokatzen dugula. Hori bera gertatu zaigu Zua
zorekin, adibidez; izan ere, lehendik ezagutzen genuen taldea baita. Horregatik, entrenatzailearen ustez, bigarren itzulia hobea izan daiteke gure taldearetzat. Aurkariak geroz eta hobeto ezagututa, errazago lortzen dugu haiek kontrolatzea.
Kalkuluak egiten hasiak egongo zarete. Zenbat partida irabazita eutsiko zeniokete mailari?
E.U.: Egia esan, nik ez dut horretan pentsatu. Partidaz partida joatea dugu helburu, ahal duguna emanez, eta ea gauzak ongi ateratzen zaizkigun.
Lesioek ere ez dizuete askorik lagundu.
A.U.: Zorte txarra izan dugu zentzu horretan. Andrea Zalduaren eta bion lesioak oso jarraian izan ziren, bi asteko aldearekin. Gainera, luzerako lesioak dira, eta beraz, denboraldi osorako bi jokalari gutxiago ditugu. Gainera, orain, Nora Kortaberria, beste zentrala, ikasketegatik atzerrira joan da bi hilabeterako. Aurrez ere bagenekien joatekoa zela, baina ez genuen aurreikusten halako lesiorik. Orduan, Eider berreskuratzea lortu dugu, eta taldea egoera berrira egokitzen ari gara [Ane del Hoyok sorbaldako lesioa izan berri du, eta hilabete bat egongo da geldirik].
Zer moduz daramazu lesioa, Araitz?
A.U.: Eskuineko hankan lotailu gurutzatu eta menisko haustura egin nuen azaroaren 14an, eta abenduaren 4an egin zidaten ebakuntza. Halakoetan, sei hilabeteko etena egitea gomendatzen dute, baina eskubaloia kirol gogorra izanik, zortzi hilabetez atseden hartzeko esan zidaten. Alde batetik, onartu dut ez dudala jokatuko denboraldi honetan, eta kantxara itzultzeko presio gutxiago dut orain.
Beraz, neguko fitxaketa izan da zurea, Eider. Utzita al zeneukan eskubaloia?
E.U.: Amsterdamera joan nintzen lan bila, baina ez nuen lortu eta itzuli egin nintzen. Nire asmoa zen aurten eskubaloian ez jokatzea, urtea hutsik pasatzea, baina egoera ikusita, taldeari laguntzea erabaki nuen. Oraintxe hasi naiz, lau aste daramatzat entrenatzen eta hiru partida jokatu ditut. Denboraldiaurre propioa egiten ari naiz ni.
Eta zer da zuretzat orain maila honetan jokatzea?
E.U.: Poza ematen du goi mailan jokatu ahal izatea. Esperientzia berria da, eta aurkari onen kontra jokatzeko aukera dugu. Gauza guztietatik ikasten da.
Nola dago taldea une honetan?
E.U.: Nik uste dut gogotsu dagoela. Hasieran kolpe gogorra izan zen bi jokalari gutxiago izatea lesioen ondorioz, baina aurrera egiteko prest dago taldea.
Ez da samurra izango, ordea, garaipenik ez lortzea.
E.U.: Ilusioarekin joaten zara, baina ikusten duzu galdu egiten duzula…
A.U.: Bai. Gainera, Oviedoko partida kolpe gogorra izan zen. Egun horretan lur jota zegoen taldea, baina hurrengo egunerako borrokatzeko prest agertu ziren jokalariak. Gero, Leongo partida ere ez zen ongi atera, eta pena handia izan zen.
E.U.: Lehen minutuetan aldea atera ziguten, eta goi mailan zaila izaten da aurkaria harrapatzea.
A.U.: Maila honetan ez baduzu partida zeure egiten, badakizu ez duzula ezer lortuko. Guk ongi jokatu behar dugu, eta gero ea nola joaten den partida.
Erreginaren Kopa jokatuko duzue lehenbizikoz. Bera Beraren aurka jokatzea egokitu zaizue.
E.U.: Badakigu oso zaila izango dela haien aurka lehiatzea, baina borrokatuko dugu. Edonola ere, gure lehentasuna liga da.
Aiala Zarautz, Kirol Galako sarituetako bat
Aiala Zarautzek 2015eko emakumezkoen talde onenaren saria jasoko du ostiral honetan, Zarauzko Kirol Galan. Iaz lortutako Ohorezko Mailarako igoera aitortuko diote. Gizonezkoetan, berriz, Leihoak Zarautz saskibaloi taldeari emango diote saria; hauek EBA ligara igotzea lortu zuten aurreko denboraldian.
Banakakoetan, Alba Menendez eskubaloi jokalaria eta Xanti Ubera kayaklaria izendatu dituzte urteko kirolari gisa. Bera Bera taldeko kidea da Menendez, eta aurreko urtean Liga eta Superkopa irabazi zituen. Uberak, bere aldetik, Kayak surfeko munduko txapelketa irabazi zuen Euskadiko selekzioarekin. Entrenatzaile onenaren saria eskola kiroleko entrenatzaileei emango diete; babesle onenarena, Zurekin Zarauzko ostalari elkarteari; eta Zarauzko Eskubaloiko arduradun Inma Saenz de Santamariari boluntariotzarena.
Ostiralean egingo dute Kirol Gala, 19:00etan, Modelon.
