Zarautz Kirol Elkarteko eskubaloi atala indarrean dago. Eta indarrean dago, bere izaerari tinko eusten diolako, aurrera egiten duen urrats bakoitza sendoa izaten delako. Munoan hasi zenetik gaurdaino ez du geneetan idatzita daraman gidalerroa zapuztu. Eta une txarretan (edo ez hain onetan, hobeto esanda) hori zalantzan jarri izan dutenak egon izan badira ere, emaitzak hor daude gauzak bere lekuan jartzeko.
Goraipatzeko emaitzetan lehena parte hartzea da. Eta hor 2015-2016 denboraldian berriro ere gora egin du neska-mutil jokalarietan (guztira 535), eta iaz bezala 32 talde aurkeztu izan ditu lehiaketa ofizialetan (Zarautzen ditugun instalazioekin ezin da gehiago). Hala eta guztiz ere, Iberiar penintsulako talde oparoena izaten jarraitzen du ikuspegi honetatik.
Jada badira urte batzuk atalaren helburu nagusietako bat euskal harrobiko txapeldun izatea dela, bai mutiletan eta bai nesketan, kadete eta jubenil mailak batera hartuta. Hori horrela, 2015 urtearen hasierak lorpen hori eskuratzea ekarri zuen, eta urtea amaitzera doan honetan, bi jardunaldiren faltan (8 puntu jokoan) helburua lortuta dutenez (sailkapeneko bigarrenei 13 eta 7 puntu ateratzen dizkiete, hurrenez hurren, mutilek eta neskek), urte berriarekin batera berriro ere txapeldun izango dira. Eta ikusteko dago gero talde bakoitzak bere bidea eginez lor dezakeena. Euskal Herriko eta Espainiako txapelketetan, besteak beste.
Aurreko guztiaren isla dira goi-mailako senior taldeak. Nesketan Ohorezko Mailara (gorenera) igo ziren iazko denboraldian, eta hor diraute, mailari eustea helburu hartuta. Gauzak ez dira errazak izango, ezta gutxiago ere (igotzea baino, zailago izaten da beti irautea), baina lortuz gero, berriro ere historia egiten egongo dira. Eta mutilez zer esan, ba hori, Zilar Mailan (Estatuko bigarrena, eta multzo bakarrean) laugarren urtez jarraian borrokan dihardutela, ezer gertatuko ez balitz bezala, Zarautzen izena hortik zehar zabaltzen. Eta ia beti onerako.
Eta amaitzeko, honen guztiaren atzetik dagoenaren azterteketa, proiektu hau iraunkorra den ala ez jakiteko beharrezko dena. Lehenik eta behin, giza baliabideak, entrenatzaileak batez ere, eta baita zuzendaritza taldea eta beste talde laguntzaileen osaketa ere. Handitasuna handitasun, jende asko behar da, eta badirudi zailtasunak dituztela. Tamalez, hori ez da seinale ona. Ondoren datoz baliabide materialak, eta hauen artean bi nagusiki, azpiegiturak eta dirua. Sosen inguruan, beti ez bada nahiko izaten ere, gauzak ez daude gaizki, laguntzaile ugari baitaude eskubaloiaren inguruan, bai betikoak (egoera ikusita laguntza handituz gainera), eta bai proiektu erakargarri honen inguruan bildu diren berriak. Erakundeak ere jabetu dira egiten ari den lanaz, eta laguntzak handitu egin dituzte. Guztiek merezi dituzte eskerrak.
Baina bada non Erakundeek bere eginbeharra ez diren ondo egiten ari. Eta hori azpiegituren inguruan da.
2015 urtea alperrik galdu da, bi Udal Gobernu ezberdinekin gainera, biekin. Eta hori ez dute merezi, ez Zarauzko Eskubaloiak, ezta pista berriaren zain dauden ZKE-ko beste atalek ere. Kontuan izan behar da, azken finean, egoera txarra pairatzen dutenak Zarauzko neska-mutilak direla, eta beraiek dira hori merezi ez dutenak. Irauli egin behar da egoera, nahi eta nahi ez.
