Sasoian argitaratua >>

Azken minutuetako akatsak garesti ordaindu ditu Aialak

Aiala Zarautz aurrez aurre jokatu zuen Porriño taldearen aurka, galiziarren etxean, baina azken uneko hutsen erruz ihes egin zien garaipenak. Azkenean, 29-27ko emaitzarekin bukatu zen neurketa. “Ongi borrokatu dugu”, azaldu du Aialako entrenatzaile Martin Larrañagak. “Aurkarien jokoari ongi eutsi digu, eta txukun aritu gara, bai defentsan bai erasoan. Bagenekien lan handia egin beharko genuela haien aurka, eta tentsio horrek nekatu egiten zaitu azkenerako”.

Egindako lanarekin “oso harro” daudela adierazi du Larrañagak: “Azken minutura arte norgehiagokan murgilduta ibili garelako. Borrokatzeko gai izan gara, nahiz eta azken txanpan bi gol sartu dizkiguten. Pena izan da. Partidan zehar hiru penaltitan huts egin dugu, eta haiek asmatuta partida irabazi ahal izango genukeelako”.

Bost partida jokatu dituzte, baina oraindik ez dute bat bera ere irabazi. Hala ere, garaipena gertu dagoela sumatzen dute, gero eta joko hobea egiten ari direlako. “Lanean jarraitu behar dugu egiten ditugun akats txiki horiek konpontzeko. Azken finean, horiek markatzen dute partida”. Dena dela, aurki horri guztiari gain hartu eta irabazteko gai izango direla uste du.

Amenabar Zarautzek, bere aldetik, Errege Kopako lehen faseko kanporaketa jokatu zuen larunbatean, Aritzbatalde kiroldegian. Bidasoaren aurka neurtu zituen indarrak, eta hauek ere gutxigatik bada ere, ezin izan zuten garaipenik erdietsi: 23-26koarekin bukatu zen. Bidasoa beti joan zen partidan aurretik, errenta labur batekin, eta zarauztarrak atzetik joan ziren uneoro.

Argazkia: Luis Epelde