HITZAn argitaratua >>

Amenabar eta Ars Las Palmas taldeen arteko partida Aritzbatalden (Luis Epelde).

Zarauzko Eskubaloiko gorengo bi taldeek ezin izan zuten garaipenik erdietsi asteburuko jardunaldian. Aiala Zarautzek etxetik kanpo jokatu zuen Elche Mustang taldearen aurka, eta gutxigatik bada ere, denboraldiko lehen garaipena izan zitekeenak ihes egin zien. Partidaren azken 5 minutura arte aurretik joan ziren markagailuan, baina aurkariak orpoz orpo izan zituzten uneoro, aldea areagotzeko betarik eman gabe.  Lehen zatian, esaterako, 5 goleko abantaila ere izan zuten, eta atsedenaldira 7-11koarekin heldu ziren. Baina bigarren zati luze samarra egin zitzaien zarautzarrei, eta azkenean 23-21koarekin galdu zuten. Oraingoz, Aialak ez daki ohorezko mailan irabaztea zer den, hirutik hiru galdu zituelako, baina gero eta joko hobea erakusten ari dira, maila berriari neurria ahalik eta azkarren hartzeko.

Gizonezkoek ere ez zuten zorte hoberik izan. Ars Las Palmasen aurkako partida parekatsu samar ekin bazion ere, talde bisitaria Amenabarrekiko aldea handitzen joan zen pixkanaka-pixkanaka, eta atsedenaldira 11-14koarekin iritsi ziren. Bigarren zatiaren hasieran balearrek abantaila areagotu zuten, eta hortik aurrera ezer gutxi egin ahal izan zuten zarauztarrek. Hala, Amenabarrek 25-31ko emaitzarekin galdu zuen etxean, Aritzbatalde kiroldegian.