Ez dira hain urruti geratzen aurreko denboraldi bukaeran bizitakoak, ez Aritzbatalden, ezta Oviedon eta Vigon ere. Gogoan dugu oraindik 50. urteurrenari amaiera emateko ospatutako jai handia. Eta bapatean, hemen gaude martxan berriz ere. Erronka handiko denboraldia izango jada hasita dagoen 2015-2016 denboraldi hau. Zenbait talde entrenamenduekin hasita daude, beste batzuk osatzeko bidean daude, infantilak Euskal Jaiak pasa eta gero antolatuko dira, baina goi mailan jardungo duten bi taldeek asteburu honetan Ligako lehen norgehiagokak jokatzera doaz.
Dakizuenez, Aiala Zarautz “Liga Loterías” emakumeen goreneko ligan jardungo da, hau da, Top-14ean. Eta Amenabar Zarautz, laugarren urtez jarraian, Zilar ligan jolastuko du, rankinean 17 eta 32 bitarte dauden taldeen artean. Ikaragarria, hau da, I-KA-RA-GA-RRI-A.
Guzti hau gutxi balitz, hasiera astingarria izango da. Zeren zorteak opa digunak eskubaloian buru belarri murgiltzeko parada besterik ez digu ekarriko. Nola adierazi bestela egun berean, lehen jardunaldian, 2 derbi izatearena. Alde batetik Donostian, 18:00etan, Bera Bera eta Aiala Zarautz aurrez aurre, eta bestetik Aritzbatalden, 19:30etan, Amenabar Zarautz Bidasoaren aurka.
