Hitza-n argitaratua >>

Bera Bera taldearen aurka jokatuko du larunbatean, 18:00etatik aurrera, Bidebietan

Aiala Zarautz taldeko jokalariak eta entrenatzailea, Zarauzko Eskubaloiko zuzendaritza eta Karlos Argiñano sukaladaria (Aritz Mutiozabal)Aiala Zarautz taldeko jokalariak eta entrenatzailea, Zarauzko Eskubaloiko zuzendaritza eta Karlos Argiñano sukaladaria (Aritz Mutiozabal)

Aiala Zarautzek larunbatean ekingo dio emakumezkoen ohorezko mailako ligari, Bera Bera talde donostiarraren aurka indarrak neurtuz. Denboraldiari merezi duen hasiera emateko, taldearen aurkezpen ofiziala egin zuten atzo arratsaldean Argiñano jatetxearen terrazan. Bertan elkartu ziren jokalariak, talde teknikoa eta Zarauzko Eskubaloiko zuzendaritzako kideak, baita taldearen babesle Aiala sukaldaritza eskolako arduradun Karlos Argiñano sukaldaria, Zarauzko Kirol zinegotzi Iban San Martin eta Zarautz Kirol Elkarteko presidente Esteban Collantes ere. Taldearen argazki ofiziala ateratzeaz gain, taldeak denboraldi berrian erabiliko duen ekipamendua ere aurkeztu zuten. Ekitaldian, taldekide guztiek sinadutako elastiko berria oparitu zioten sukaldari zarauztarrari.

Derbi gizpuzkoarrak emango dio hasiera denboraldiari, hain zuzen ere. Etxetik kanpo egingo du debuta Aiala Zarautzek, Donostiako Bidebieta kiroldegian, 18:00etatik aurrera. Duela astebete elkarren aurka lehiatu ziren Egiako Torneoan, denboraldiaurreko azken norgehiagokan, eta emaitza ez zen nahi bezalakoa izan zarauztarrentzat, 38-17koarekin galdu baitzuten. Edonola ere, ilusioz eta borrokatzeko asmoarekin irtengo dira kantxara Martin Larrañagak gidatzen dituzten neskak.