Mostrando IMG-20150804-WA0000.jpg

Presiorik gabe eta ilusioz gainezka helduko dio erronkari Aiala Zarautzek, baina Ohorezko Mailari eusteko helburu argiarekin. Horretarako bi jokalari berrirekin indartu dute taldea.

HITZAn argitarauta

Ezkerretik hasita, Nora Korataberria, Martin Larrañaga eta Itziar Ubillos (Aritz Mutiozabal).Ezkerretik hasita, Nora Korataberria, Martin Larrañaga eta Itziar Ubillos (Aritz Mutiozabal).

Duela bi aste Amenabar Zarautzeko jokalari berriekin egin zuten bezala, Zarauzko Eskubaloiak Aiala Zarautzeko aurtengo bi fitxajeak aurkeztu zituen ostegun arratsaldean Aritzbatalde kiroldegian. Martin Larrañaga entrenatzailearen babesean kantxaratu ziren Itziar Ubillos eta Nora Kortaberria, taldeko elastikoa eskuetan zutela.
Ubillos 25 urteko andoaindarra da eta sei urte eman ditu Leonen, bertako taldean jokatuz. Ohorezko Maila ezagutzen du, eta esperientzia hori ekarriko du Aialara. «Laguntzera nator. Beste taldeak ezagutzen ditut, eta saiatuko naiz dakidan hori taldeari igortzen». Kortaberriak, berriz, aire feskoa dakar. Elgoibartarrak 18 urte baino ez ditu, eta orain arte jubenila izan bada ere, Elgoibarko senior taldean jokatu du Ohorezko B Mailan. «Niretzako sekulako aukera da Zarautzera etorri eta goi mailan jokatzea. Egia esan, ezin nion ezetzik esan goxoki honi».

Oraingoz, bi jokalari horiekin bakarrik indartuko dute taldea. «Orain arteko filosofia berarekin jarraitzeko asmoa dugu; hau da, herriko talde bat gara eta bertako jokalariekin egiten dugu lan. Jokalari berriak kontziente dira horretaz, eta Zarauzko eskubaloiaren filosofiarekin bat egin dute», adierazi du Martin Larrañaga entrenatzaileak. Hain justu ere, Maialen Cardenasen eta Eider Uriaren bajak betetzera datoz Ubillos eta Kortaberria.
Etxekoak irabaztea gakoa
«Erronka handiagoa da, bai fisiko bai teknikoki. Oro har, zentzu guztietan», dio entrenatzaileak. «Baina lan egiteko Zarauzko baldintzak oso onak dira. Presiorik ez dugu, ez nik ez jokalariek, eta ilusio handiz helduko diogu denboraldi berriari». Presiorik gabe eta ilusioz gainezka, baina helburu zehatz bat finkatuta: maila mantentzea. «Helbururik gabe ez goaz inora. Bestela, lehendabizikoan emango genuke amore. Helburu hori kategoriari eustea da, eta prozesu horretan etxean ahalik eta partida txukunenak jokatu beharko ditugu. Etxeko partidak irabaztea izango da giltza».

Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian sortzen den giroa eta zaletuek ematen duten beroa Espainiako kantxa gutxitan ikusten dela nabarmendu nahi izan du Larrañagak. «Hemengo afizioak jokalariekin duen binomio hori ikaragarria da, eta hori aurten ere lortuz gero eta harmailak zaletuz betez gero, talde askori gauzak zailduko genizkioke». Publikoa «jokalari bat gehiago» bihurtzea da Aiala Zarautz taldearen itxaropena, eta gizonezkoen partidetan ematen duen bultzada bera emakumezkoenetan ere ematea.
‘Nobatada’ ordaindu
Aurreko astean egin zuten 2015-2016 denboraldegiko egutegiaren zozketa, eta hasierako partidetan talde indartsuen aurka lehiatu beharko dute. «Bera Bera, Aula, Rocasa, Elx… Iaz lehen bost postuetan bukatu zuten taldeen aurka jokatu beharko dugu hasieratik», esan du Larrañgaka: «Hasiera oso gogorra izango da, baina iruditzen zait ongi etorriko zaigula. Guk nobatada ordaindu beharko dugu; hau da, kategori berrira egiten garenerako pare bat partida joango zaizkigu. Alde horretatik, nahiago dugu horien aurka galdu, aurreikusten dugulako haiei irabaztea zaila izango dela. Okerragoa litzateke behealdean ibiliko diren taldeen aurka galtzea, dela Leon, dela Oviedo».
Patuak hala nahi izan du, eta derbi gipuzkoarrak hartuko du lehen jardunaldia: Aialak Bera Beraren aurka jokatuko du irailaren 5ean, Donostiako Bidebieta kiroldegian. «Liga hasi baino astebete lehenago titulu bat jokatuko du, eta horrek asko baldintzatuko du. Ikusi egin beharko da nola ateratzen diren kantxara. Gu borrokatzera aterako gara, behintzat. Bera Berak galtzen duenean, normalean ez du goiko taldeen aurka galtzen».
Entrenamenduekin astelehenean hasi ziren, eta aurten astean lau saio egingo dituzte, goiko mailari sendo ekiteko. Gainera, denboraldiaurrean lau partida jokatuko dituzte: hilaren 19an, Aularen aurka, Zarautzen; hilaren 22an, Zuaren aurka, Elgoibarren; hilaren 26an, Bera Beraren aurka, Donostiako Egia auzoan; eta hilaren 29an, berriro ere Aularen aurka, Valladoliden (Espainia). «Talde onen aurka jokatuz prestatu nahi dugu, neurriak  ahalik eta azkarren hartzeko».
Aialak jarraituko du emakumezkoen taldeko babesle nagusia izaten, baina aurtengo denboraldiari aurre egiteko bi babesle berri lortu dituzte. Alde batetik, Gran Camping Zarautzen irudia eramango dute elastikoaren eskuineko besoan, eta, bestetik, Knoxtyl etxearen irudia elastikoaren atzealdean.