Duela bi aste Amenabar Zarautzeko jokalari berriekin egin bezala, Zarauzko Eskubaloiak Aiala Zarautzeko aurtengo bi fitxajeak aurkeztu zituen atzo arratsaldean Aritzbatalde kiroldegian. Martin Larrañaga entrenatzailearen babesean kantxaratu ziren Itziar Ubillos eta Nora Kortaberria, taldeko elastikoa eskuetan zutela.
Ubillos 25 urteko andoaindarra da eta sei urte eman ditu Leonen, azken lau denboraldiak Cleba León taldean jokatuz. Ohorezko Maila ezagutzen du, eta esperientzia hori ekarriko du Aialara. Kortaberriak, berriz, aire feskoa dakar. Elgoibartarrak 18 urte baino ez du, eta orain arte jubenila izan bada ere, Elgoibarko senior taldean jokatu du Ohorezko B Mailan.
Aialako eta Zarauzko eskubaloiaren filosofiarekin bat egiten duten jokalariak direla azaldu du entrenatzaileak. Izan dituzten bi bajak ordezkatzeko eta indartzeko jokalari garrantzitsuak dira, zalantzarik gabe. Entrenamenduekin astelehenean hasiko dira, eta aurten astean lau saio egingo dituzte, goiko mailari sendo ekiteko. Izan ere, ligako lehen partidak talde indartsuen aurka jokatu beharko dituzte; lehena ligako txapeldun Bera Beraren aurka, irailaren 5ean.
