Sasoian.info-n argitaratua >>> Ikusi berria
Amenabar Zarautzek bost jokalari berrirekin indartu du taldea datorren denboraldiari begira, eta atzo arratsaldean aurkeztu zituzten zaletuen aurrean Aritzbatalde kiroldegian. Paulo Ostolaza eta Xabat Olaizola etxekoak dira, eta jubenilen taldetik lehen taldera egin dute jauzi; Ander Torriko eta Mikel Martinez zumaiarrak Pulpotik datoz; eta Asier Iztueta, azkenik, La Salle Legazpitik. Olaizola salbu, beste lau kideak agerraldian izan ziren.

Zarauzko taldeak sei baja izan ditu: Ibon Sasiain, Igor Urbieta, Txomin Bujanda, Mikel Roteta, Javier Labairu eta Erik Balenziaga. Batzuek lan eta ikasketa kontuengatik utzi behar izan dute, eta beste batzuk, Balenziaga kasu , beste talde batekin ariko direlako. Gainerakoan taldearen blokea iazko bera da, eta Aitor UrbitarteTxangurro-k jarraituko du entrenatzaile lanetan.
Entrenamenduekin abuztuaren 3an hasiko dira, eta denboraldiaurrean hiru partida jokatuko dituzte: Egia, Tolosa eta Bidasoaren aurka. Aurten, Ohorezko Zilar Mailakoen liga goiz hasiko da, irailaren 5ean; egutegia osaty gabe dago, uztailaren 27an izango baita zozketa. Gauzak horrela, hilabete eskas izango dute prestatzeko. Gainera, hasierako asteetan ezingo dute Torriko eta Martinez zumaiarrekin kontatu, jubenilen Munduko Txapelketa jokatuko dutelako Errusian.
Urbitartek aditzera eman duenez, jokalari berriek gaztetasuna eta arnas berria ekarriko dute taldera eta ilusio horrekin heldu nahi diote aurtengo denboraldiari. Hasierako helburuak argiak dira: mailari eustea. Aurreko denboraldian azken unera arte borrokatu behar izan zuten salbazioa lortzeko, eta hori da hain justu ekidin nahi dutena. Aurten, etxeko lanak lehenbailehen bete nahi dituzte, baina jakin badakite liga luzea dela eta aurkari gogorrak izango dituztela .