DVn argitaratua    >>    Ikusi berria

Lehendabizi haurrak, eta bigarren asteburuan helduek jokatuko dute. Azken hauentzako izen-ematea gaur itxiko da

Txaparrotan. Mikel Beristain, Sara Arregi, Joana Agirrezabal, Daniel Agirrezabal eta Ander Eizagirre, astelehen iluntzean aurtengo Txaparrotan Txapelketaren aurkezpenean. Txaparrotan. Mikel Beristain, Sara Arregi, Joana Agirrezabal, Daniel Agirrezabal eta Ander Eizagirre, astelehen iluntzean aurtengo Txaparrotan Txapelketaren aurkezpenean.

Aurtengo Txaparrotan, hondartzako eskubaloi txapelketak XII. edizioa betetzen du. Haurren txapelketa uztailaren 4 eta 5an jokatuko da, beti bezala ‘desertu txikian’, eta helduena, berriz, uztailak 11 eta 12an. Haurren txapelketarako izen-ematea itxita dago, eta 110 talde izango dira lehian (9-14 urte bitartekoak), guztira 840 bat jokalari, neska zein mutil. Helduentzako izen ematea, berriz, gaur bertan itxiko da. Dagoeneko 100 bat talde daude, horietako gehienak zarauzkoak (%80), baina Errenteria, Zumaia, Tolosa, Elgoibar, Bermeo, eta beste hainbat herritatik ere etortzekoak dira.

Zarauzko eskubaloi atalak antolatzen duen txapelketa hau urtetik urtera goruntz doa. Guztia hobeto kontrolatzeko, saileko gazte talde batek aplikazio bat atera du, bakoitzak zein partida duen, ordutegiak, emaitzak eta abar berehala ezagutzeko. Partidak sei zelaietan banatuko dira, goizeko 10.00etan hasi eta arratsaldeko 20.00ak arte, bai larunbat eta baita igandean ere.

Txapelketa honen aurkezpena Joana eta Daniel Agirrezabalek, Sara Arregik, Ander Eizagirre eta Mikel Begiristainek egin zuten astelehen arratsaldean Zarautz Kirol Elkartearen egoitzan. Jakitera eman zutenez, txapelketako kamisetetako marrazkia Jorge Aduna eta Ibon Odriozolak egin dute. Patrozinatzaile eta laguntzaileak eskertu zituzten eta bukatu aurretik txapelketarekin batera, taberna zabalik izango dela jateko eta edatekoarekin, musikarekin… jakinarazi zuten.

Adierazi ere, eskubaloi atalak pasa den larunbatean denboraldi bukaerako bazkaria ospatu zuela Institutuko patioan.