Hitzan argitaratua > Ikusi Berria
Amenabar Zarautz taldeko elastiko hainbat urtez defendatu ondoren, Erik Balentziagak jauzi bat egingo du gorantza eta datorren denboraldian Asobal ligan jokatuko du. Hitzarmena egin du Pontevedrako Teucron taldearekin. Teucron Ohorezko Zilarrezko Mailako txapelduna izan da, eta horri esker Espainiako gorengo mailara igotzea lortu du. Datorren urteari begira, taldea indartzeko ahaleginean, Balentziaga izan da egin duten lehen fitxaketa. Amaitu berri den denboraldian 146 gol sartu ditu 30 partidatan.
Erik Balentziaga: “Bidai berri honen zatirik handiena zarete”
Facebook-eko bere profilean Erik Balentziagak esker gutun bat idatzi du, hona hemen osorik:
“Datorren urtean Teucro taldean (Pontevedra, Galizia) jokatuko dut, ASOBAL Ligan.
Eta nola eskertu bide honetan lagundu didan bakoitzari. Ez naiz horrelako gauzetan batere moldatzen, baina momentuak saiakera bat eskatzen du.
Hasteko etxeko guztiak eskertu: lehengusuak, osaba-izebak, aiton-amonak, eta bereziki nire bi arrebak, zuekin disfrutatu baitut bide honetaz. Baina, aipamen berezi bat aitari, kirol hau erakutsi, bizi eta honaino eskutik emanda ekarri nauelako. Eta, bestetik, amari, Balenciaga abizenik eduki gabe gehien sufritzen duena bera baita. Eta, ondo pasatu eta irabazteaz aparte, bere lehentasuna nik minik ez hartzea delako.
Bestalde, klubari eskerrak. Lan egiten duen boluntario bakoitza urrea delako, eta aurten bi talderen bidaia guztiak antolatu, asteburuko partiduak jarri, entrenatzaileak bilatu eta egin beharko diren lan guztiak burubelarri burutuko dituztelako.
Nola ez, eskertu koadrila, lagun eta zale bakoitza, larunbatero Aritzbatalde kiroldegia bete eta festa eder bat montatzen duzuelako. Ez dut behin ere ahaztuko Errenteriako igoera edo Alcobendasen jokatzeko aukera izan genuen igoera ere. Eskerrik asko!!
Azkenik, taldeari. Eduki ditudan entrenatzaile eta delegatu guztietatik hasita jokalarietaraino. Zenbat bidaia, zenbat entrenamendu, zenbat partidu, zenbat parranda… Lagun talde bat baino familia dela esatera ere ausartzen naiz, bidaia berri honen zatirik handiena zarete eta. Zorte on datorren denboraldian, seguru nago-eta aurtengoa baino hobeto joango dela! Ea Kopan ikusten garen
Eskerrik asko!!
#123Zarautz”.

