Hitzan argitaratua > Irakurri Hitzan
Hirugarren urtez Garagardo Azoka antolatu du astebururako Orioko Arraun Elkarteak eta garagardoaren jaiaren irekiera ekitaldian Aiala Zarautz eskubaloi taldeko jokalariek eta Joxemari Olasagasti aizkolariak jasoko dute Mirotza Saria. «Aiala Zarautz taldeak denboraldi bikaina egin du; herriko kirolariekin osatutako taldea da eta ahalegin handia egin dute mailaz igotzeko. Ahalegin hori aitortu nahi diegu. Gainera, Zarauzko Kirol Elkarteko Eskubaloi Sailak aurten 50 urte bete ditu Orioko Arraun Elkarteak bezala eta horregatik ere zoriondo nahi dugu elkartea» azaldu du Zigor Gazpio elkarteko kideak. Olasagatiri, bestalde herri-kirol munduan egin duen ibilbide oparoa aitortu nahi dio Orioko Arraun Elkarteak.
Gipuzkoa mailako kirolari nabarmenei egindako omenaldiak irekiko du Orioko Garagardo Azoka eta urtero bezala «herrian giro ona sortzea eta herritarrak jaian parte-hartzea» da elkartearen helburua eta horretarako egitarau zabala antolatu dute. Bestalde, Orioko Arraun Elkartearentzat Garagardo Azoka urteko aurrekontuari aurre egiteko diru-iturrietako bat bada ere, «prezio lehiakorrak» eskaintzen saiatuko da aurten ere elkartea. «Azoka xumea gara eta herrian giroa sorzea da gure helburu nagusia. Lehen aldiz azoka ireki genuenetik prezioak ez ditugu igo, garrantzitsua iruditzen baitzaigu herritarrak jaian parte-hartzea eta asteburuaz gozatzea» nabarmendu du elkarteko lehendakari Ibon Huegunek. Litro erdiko garagardo arrunta 2,5 euro kostako da eta garagardo berezia, berriz, 3,5 euro.
Boluntarioei aitortza
Orioko Arraun Elkarteak jakin badaki Garagardo Azokaren arrakasta hiru egunetan zehar musutruk lan egiten duten boluntarioei esker lortzen dela. «Eskerrak eman behar dizkiegu azokan buru-belarri lanean aritzen diren herritarrei; baita antolatzen ditugun ekimenetan musutruk parte hartzen dutenei ere» adierazi du Gazpiok. Horietako bat da Joanito Orella, larunbaterako mini klasikoen topaketa antolatu duen oriotarra.
Bestalde, bigarren urtez Koadrilen Arteko Batel Estropada jokatuko da igande arratsaldean. Bihar arte irekita izango da estropadan izena-emateko epea Salatxo eta Kalakari tabernetan; dena dela, Orioko Arraun Elkarteko kideek zehaztu dute igandera bitartean onartuko dituztela izen-emateak. «Iaz ekimenak izan zuen arrakasta ikusita, aurten I. Garagardo Azoka Bandera izango da jokoan».
