Ikusi berria

Sasoian.info-n argitaratua

Aiala Zarautzek ez du hutsik egin, eta Emakumezkoen Ohorezko Mailara igotzeko fase finalerako sailkatu da, asteburuan Zarautzen jokatu den lehen multzoko ligaxkan buru bukatu ondoren. Finalerdiko partidan Logroño Sporting La Rioja taldea izango du aurrez aurre, maiatzaren 2an, eta irabaziz gero igoerako txartela bereganatuko luke.

Asteburuan, igoera faseko lehen zatian , Ucam Murcia, Jofemesa Oviedo, eta Tenerifeko Tejina Isla taldeak hartu zituen mendean. Ongi lehiatutako norgehiagoka estuen eta parekatuen ondoren, merezitako fruitua jaso zuten zarauztarrek: ostiralean 24-23koarekin nagusitu zitzaien murtziarrei; larunbatean, 23-22koarekin asturiarrei; eta atzo, 26-31koarekin kanariarrei.

Aiala Zarautzek multzoko lehen postua bereganatu zuen, eta Jofemesa Oviedok, berriz, bigarren postua; eta biak maiatzaren lehen asteburuan jokatuko den fase finalerako txartela bereganatu dute. Bigarren multzokoen ligaxka Xixonen (Asturias, Espainia) jokatu zuten, eta bertan Mavi Nuevas Teknologias izan zen lehena eta Logroño Sporting La Rioja bigarrena. Hori horrela, multzo bakoitzeko lehen sailkatuak bigarren sailkatuaren aurka jokatuko dute fase finaleko finalerdiak, tokia oraindik erabakitzeke, eta irabazleek elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak Ororezko Zilar Mailako final nagusian.

Edonola ere, ametsa egi bihurtzeko ez dute derrigorrez finala irabazi beharko. Finalerdiko partida irabazita nahikoa izango da Ohorezko Mailarako txartela lortu ahal izateko. Beraz, Aiala Zarautz igoera lortzeko partida batera dago.

Argazkia: Bittor Mutiozabal