Asteburu honetan Jubenil eta Kadete mailako Euskal Ligaren azken jardunaldia ospatuko da, bai mutiletan eta bai nesketan. Eta jardunaldi horren faltan, zarauztarrak sailkapen bateratuaren gorenean daude, beste behin ere EAEko eskubaloi elkarterik onenaren izendapena eskuratzeko bidean, bai mutiletan eta bai nesketan.

Mutiletan, gertatzen dena gertatzen dela, Zarautz K.E. txapelduna izango da, zeren bigarrena den Eibarrekiko jada 10 puntuko aldea baitago, eta asteburuan 4 bakarrik egongo dira jokoan. Beraz, mutiletan Zarauzko eskubaloiaren harrobiak nagusitasun osoa erakutsi du, gaur egun inolako zalantzarik sortzen ez duen nagusitasuna. Honen harira, ez legoke gaizki gogoratzea, lehiaketa honetan parte hartzen duten bi taldeak babesle zuzenik gabe daudela, eta interesatua legokeen merkataritza-etxeren batentzat aukera ederra izan litekeela herri barruan, nahiz kanpoan, laguntza txiki baten truk oihartzun pixka bat izateko.

Nesketan gauzak estuagoak daude, zeren norgehiagoka baten faltan, hiru dira aukerekin iritsi diren taldeak. Lehen lekuan bi talde ikusi daitezke berdindurik, Aiala Zarautz eta Zuazo barakaldoarra, eta puntu batera kokatzen da hirugarrena den Kukullaga, bizkaitarra hau ere. Baina gauzak estuago jartzeko igande goizean ezkerraldekoen nahiz zarauztarren bi taldeek elkarren aurka borrokatu beharko dute Zarautzen, jubenilek Aritzbatalden 10:00etan, eta kadeteek 10:15etan Antonianotan, bien arteko nagusitasuna erabakitzeko. Eta bitartean Kukullagak 4 puntuak eskuratzeko aukera handia du une honetan azkena den Urdaibairen aurka. Beraz, behin betiko sailkapenari begira edozer gauza gerta daiteke.