Euskal Selekzioaren eta Txilekoaren artean jokatu behar zen norgehiagokak aldez aurretik ikusmin handia piztu bazuen ere, larunbatean ikusitakoak berau alde guztietatik gainditua izan zela esatea besterik ez dago. Jai giroa, ofizialtasunaren aldarrikapena eta goi mailako kirola uztartu ziren bi orduko ekitaldi zoragarri baten baitan.
Baina dena ez zen izan pozgarria, 200tik gora lagun halabeharrez kanpoan geratu baiziren, asko Zarauzko Eskubaloiaren alde lan asko egindakoak gainera. Baina segurtasun neurriak bitarte, edukiera mugatuta zegoenez, ateak itxi behar izan ziren. Eta hori gainera, beste zenbait egiteko zutela eta, jende ugari ezin izan zela ekitaldira bertaratu.
Guzti horren harira, eta antzeko egoerak behin eta berriz errepikatzen ari direla kontuan izanik, larunbatean zerbait garbi ikusi bazen, zerbait hori zera izan zen, Zarauzko kirol azpiegiturak zeharo eskasak direla, 1980an eraikitako Aritzbatalde Kiroldegia txikia eta zaharkitua geratu dela, bai kirolaren jarduketarako, eta bai bertan kirol ikuskizunak antolatzeko. Azken 25 urte hauetan Zarautz asko hazi da, zarauztarren kirol ohiturak asko zabaldu dira, eta gaur egun daukagunarekin indoor kirolen beharrak ezin dira ase.
Gaia larria da jada, eta garaia da Erakunde Publikoak (Udala, Foru Aldundia eta Jaurlaritza) arazoari heldu eta berehalako konponbide azkar bat garatzeko. Alderdi Politikoek gaiari ganoraz heldu beharko liokete, eta hurrengo haustekundetara begira, ekimen hau lehentasunen artean sartu eta epe labur garbi batzuk ondo zehaztu. Zarauzko gazteriak eskertuko luke.
Sentipen gazi-gozo horretaz gain, eta eskaera edota erregu honetaz gain, aipamen berezia merezi dute, ekitaldia ahalik eta hoberen irten zedin, lanean ibili ziren bolondres guzti horiek. Eskerrik asko. Zuek bai. Zarauzko Eskubaloiaren itzala luzea da, eta zailtasunak zailtasun, aurrera jarraitzeko gogoa pizteko balio dute larunbatean bizitakoa bezalako egunak.
Zarautz K.E.-ko Eskubaloi Atalaren Zuzendaritzak
