Partaidetza ikaragarria izateaz gain, bai mutilek eta bai neskek oso emaitza onen jabe egin badira ere, kirol instalazioen egoera izan da orban beltz bakarra.

2014. urtea amaitzear da jada. Ohi denez, balantzea egiteko uneak izaten dira urte amaierak. Eta Zarautz Kirol Elkarteko eskubaloi atalak ere berea egin nahi izan du. Egia esan, zaila izango du aurten, 50 urte betetzen hasi den urte honetan, egindakoa gaindetzea.

Lehenik eta behin, partaidetza, Zarautzen eskubaloian ibili izan diren neska-mutil kopurua inoiz baino handiagoa izan da. 2013-2014 denboraldian ZKE-ko 28 taldeetan 445 jokalarik hartu zuten parte. Eta hori gutxi balitz, 2014-2015 denboraldi honetan, 31 dira taldeak eta 502 jokalariak. Ez dago Euskal Herrian, ez eta iberiar penintsula osoan, Zarautz KE bezain besteko eskubaloi jokalari norgehiagoka ofizialetan jokoan jarri izan duen beste kirol talderik. Ezta hurbiltzen zaionik ere. Hoberena, edota okerrena, jada inork ez daki nola hartu gauza, zera da, dirudienez oraindik ez duela goia jo.

Eta hoberena eta okerrenaren artean gauza nola ikusi behar denaren zalantzak kirol instalazioetatik datoz. Taldeak bai, eskubaloian jarduteko grina duten neska-mutil zarauztar ugari ere bai, entrenatzaile izateko ikastaroetan gogor jardun behar izan duten gazte eta heldu asko ere bai, baina non jokatu eta non entrenatu ez. Tamalgarria. Eta gainera, urtea joan eta urtea etorri, eta gero eta okerrago, zeren leku eta ordutegi beretan askoz gazte zarauztar gehiago jardun behar. Baldintza gero eta okerragoetan gainera, ez bakarrik lekuagatik, baizik eta baita leku horien baldintzengatik (aldagelen egoera gero eta kaxkarragoak, jolas eremuak berdin, e.a.). Jende guztia jabe da egoera jasanezina dela dagoeneko. Ea 50 urte betetzen bukatu baino lehen Kiroldegia handitzeko lehen harria jarri daitekeen.

Orban beltza alde batera utzita, kirol emaitzak historikoak izan dira. Ezin daiteke esan ezin hobeak, zeren harridura gainditu ezinik gabiltza uneoro. 2013-2014 mutilen denboraldia izan zen. Inork ez zuen ezer ematen zarauztar koadrilagatik, inork ez zuen itxaroten justu-justu mailari eustea beste edozer lortu zezaketenik. Eta horra hor non Goreneko Mailara, Asobal Ligara, igotzeko eskukada bakar batera egon izan ziren. Orain, gauzak bere lekutik doazela dirudi, mailari eusteko borrokan jardun beharko dutela, eta azkenean lortuko dutela.

Mutilena gutxi balitz, zarauztar neskek ez dutela atzean geratu nahi ozen aldarrikatzen hasi dira. Eta erronka jendeak ezagu dezan dihardute, 2014-2015 denboraldia bere denboraldia dela, mutilek egin zutena beraiek ere egin nahi dutela, eta haiek lortu ez zutena lortzen badute, “helduion horri Mari”-ka hasi dira.

Gazte mailetan ere emaitzak ildo beretik doaz. Mutiletan, joan den denboraldian Euskadiko kirol elkarte onena izan zen, eta gauden honetan ere bide beretik doa, bigarrenarekiko tarte handia atereaz gainera. Nesketan, aurrekoan ez baziren lehen hiruretan sartu, oraingoan oraingoz lehenak dira, eta irabazteko aukerekin doaz aurrera. Erraz esaten da, Euskadiko onenak neska eta mutiletan. Eta gero, Espainiako Txapelketan, jubenil neskak 9. izan ziren, eta kadete mutilak 12.

Aurrekoarekin batera, 2014 hau sari eta gorazarreen urtea izan da. Espainiako Eskubaloi Federazioaren domina, Gipuzkoakoarenaren goraipamena, Zarauzko Udalaren sanpelaiotako izendapen kuttuna, denak izan dira pozgarriak, eta eskertzekoak. Lan onaren islada.

Partaidetzak, orban beltzak, gorazarreek, emaitzek, etorkizuna zaintzeak, entrenatzaileen prestutasunak, honek guztiak eraikitzen du eskubaloia. Baina denak josiko dituen lotailua laguntzaileak dira, publikoak zein pribatuak, Udala lehen tokian, Foru Aldundia, Amenabar, Aiala, Txiki Polit, C&J Cerrajeros, Zipri, eta Kiroldegiko hormak estaltzen dituzten beste hainbat eta hainbat enpresa zarauztar. Horiei guztiei esker da Zarauzko Eskubaloia gaur egun dena.

Denak aipatuak izan zirelakoan, garrantzitsuenak azkenerako geratu dira, oinarriak, eraikinaren zimenduak osatzen dutena, zaletuak, eskubaloiaren familia osoa, Zarauzko herria, hortik ateratzen baita hau guztia. Eta urteko balantzea bukatzeko, 2015 urte berriari zera esateko zain gaude : “Ongi etorri eta fasera arte”.