Zarauzko eskubaloiak denboraldi berri bati aurre egin behar dion honetan, egunerokotasuna alde batera utzi eta une batez historiari begira jartzea ezinbesteko egiten zaio. Nola ez, bada, orain hastera doan 2014-2015 denboraldi hau ZKE-ko eskubaloi atalak 50 urte beteko dituen denboraldia dela kontuan hartuz gero ?.

Hau horrela izanik, ospakizuna gure inguruko jende guztiarekin partekatzea nahiko genuke. Lehenik eta behin, ezin ditugu ahaztu ez erakunde publikoak (Udala, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza), ez eta taldeen babesle diren guztiak, izan hauek handi (Amenabar eta Aiala), ertain (Txiki Polit, C&J Cerrajeros, Alustiza), zein txiki (gainontzeko laguntzaileen multzo handi hori).

Ezin ditugu ahaztu, ezta ere, isil isilik eta itzalpean lan eskerga egiten diharduten lagun horiek guztiak (taldeetako delegatuok, taberna eta abarrez arduratzen zaretenok, herri ekimen ezberdinetan eskua luzatzen duzuenok, e.a.). Zuok gabe hau ez litzateke izango posible.

Eta nahita azkenerako utzi baditugu ere, ezin gaitezke inoiz ahaztu entrenatzaileez, bai, talde guztietako entrenatzaileez. Ez dago zertan hizketan gehiegi luzatu euren berebiziko garrantzia azpimarratzeko.

Baina aurreko guztiaz gain, bazarete beste asko ere ospakizun honetan bidelagun izan nahi zaituztegunok. Horra hor ZKE-ko atal guztiak, hedabideak, Eskubaloi Federazioak (GEF, EEF eta RFEBM), eta baita era batera edo bestera gurekin topo egin, egiten edota egingo duzuen eskubaloi talde guztiak. Zuek zaretelako gara gu hemen, beraz, guztioi bejondeizuela.