Zarautz Kirol Elkarteko eskubaloia atala zorioneko da. 49 urte bete dituen honetan, urtez urte egindako lanagatik kirol merituaren domina jasotzeko merezimendu guztiak bete dituela iruditu baitzaio Estatuko Federazioari. A ze aitortza! Amaitu berri den denboraldi zoragarri honi jarri dakiokeen gailur-lorea besterik ez da izendapen hau.
Esan bezala, Zarauzko Eskubaloia zorioneko da. Alde guztietatik ari gara jasotzen zorion-agurrak, bai orain gure jarduna ezagutzen ari den honetan, horrexegatik, eta baita aurten lortu ditugun kirol lorpen ikaragarri horiengatik ere. Eta orain hau.
Jarduna, egiten den lan guztia, laupabost zenbakitan laburbildu daiteke : 28 talde (14 neskenak eta beste 14 mutilenak), eta 447 jokalari (224 neska eta 223 mutil), talde bakoitzak derrigorrez behar dituen entrenatzaileak eta delegatuak noski, eta hori guztia mugitzeko zuzendaritza talde bat. Fitxak, aseguruak, arropa, bidaiak, materiala, e.a. Eta ba ote dakigu hori zenbat lan den? Ba asko. Askok egindako lan asko.
Eta aurtengo kirol emaitzak beste aipamen gutxi batzuren bitartez ere ikus ditzazkegu. Gazte mailetan, Euskadiko txapelketa bat (infantil mutiletan), Euskadiko hiru txapeldunordetza (jubenil neska eta mutiletan, eta kadete mutiletan), eta Estatuko lehen hamarretan sartzea (jubenil neskak). Eta Goi mailari dagokionez, Ohorezko Zilar Mailan (Estatuko eskubaloiaren bigarren mailan) dihardute bai neskek eta bai mutilek, eta azken hauek Asobal Ligara igotzeko zorian egon dira.
Ez pentsa baina, domina hau askorena da. Hasteko, orain dela ia 50 urte Zarautzen eskubaloian hasi ziren haiena, eta baita, urteak joan eta urteak etorri, baloi txikiaren inguruan ibili den ororena ere (haiek izan zirelako gara). Gaur egunean, delegatu bezala edota beste zenbait lanetan, dabiltzanena ere bai, noski.
Sponsorrena ere bada, bai taldeak babesten dituzten Amenabar, Aiala, Txiki Polit eta C&J.Cerrajeros-ena, eta bai publizitate urri bategatik laguntza eskeintzen diguten gainontzeko guztiena. Erakundeena ere bai, batez ere Foru Aldundia eta Udalarena.
Nola ez, eskubaloian diharduten neska-mutil guztiena ere bada sari hau, horiek baitira Zarauzko Eskubaloiaren helburua eta izatearen arrazoia. Neska-mutil horiek gabe hau ez litzateke ezer izango.
Baina domina hau batez ere entrenatzaileena da. Muxutruk, ezereza ordain, aste-tarte nahiz asteburuko hainbat eta hainbat ordu goian aipatutako neska-mutil horiei eskeintzen dizkiezuenona, inork ez baitaki (eta orain gurasoetaz ari gara) ze lan egiten duzuen (zuek zaretelako izango dira).
Apaltasuna apaltasun, geurea ere bada saria, zuzendaritza taldearena, neurri txikian bada ere, zer arraio! Eta gainontzeko guztiak bezala, gu ere harro gara.
Eta orain, eskeintzen unea iritsi den honetan, nori eskeini behar diogu bada domina hau? Ez dago zalantzarik, Zarauzko herriari, hortik elikatzen baita gure jarduna, eta horrek emango baitigu lan honekin jarraitzeko hainbeste eta hainbeste, derrigorrez, behar ditugun kirol-instalazio berriak. Ea ez dugun asko itxaron behar!
A!, eta gogoratu, datorren denboraldian ere izango dugu zer ospatu, 50 urte betetzen baititugu. Oparirik izango al da?
Zarautz K.E.-ko Eskubaloia ataleko Zuzendaritza taldea
