Urteroko ohiturari jarraituz, datorren igandean, “Ziri – Txakolinaren Kofradiak” XVII kapitulua antolatu du. Aurtengo ekitaldiaren egitaraua begiratuz gero, zera ikusi daiteke, Zarautz Kirol Elkarteko Eskubaloi atala Ohorezko Kofrade bezala TRONURATZEA erabaki dutela. Aipatu ekitaldia igande eguerdian, 12:30-ak aldera, Lege Zaharren Enparantzan egitekoa da. Eta bertara Zarauzko Eskubaloia osatzen dugun oro gonbidaturik gaude.
Horrelako gauzak ez dira kasualitatea izaten. Ezin uka Zilar Mailako mutilen denboraldiak zerikusia izango zuela erabaki hori hartu dutenen baitan. Antzerako zerbait gertatzen da azken urte hauetan kadete eta jubenil mailan (neska nahiz mutil) lortzen ari garen emaitza bikainekin. Garaipenak beti dira erakargarriak, eta egiten den lan eskergaren islada izaten dira gehienetan.
Zeren bene-benetan “ohorezko” egiten gaituena beste hori da, urtea joan eta urtea etorri, jende pilo batek, musutruk, egin izan duen eta egiten jarraitzen duen lana. Gainera, uste dut askok ez dakitela jardun horrek zenbat betetzen gaituen, ez direla konturatu oraindik 445 neska-mutil baloi txikiaren jiran ibiltzeak zenbat betetzen gaituen. Barrutik bizi arte ezin baita jakin.
Ba hori, guztiok garela OHOREZKO, jokalariak nola ez, entrenatzaileak batez ere, delegatuak, zuzendaritza daramatenak, sponsorrak (txiki nahiz handi), deitutako bakoitzean edozertan lana egiteko prest daudenak, astebururo harmailak betetzen ditugunok, hau da, Zarauzko Eskubaloiaren familia osatzen dugun guztiok. Bejondeigula!!!!
