Duela bi aste Zumaiako lauko finalean lortutako saria gozatzeko aukera izan dugu asteburu honetan jubenil mutilok Valladoliden. Bertan, bigarren postuarekin batera, Espainiako intersektorean sartzeko txartela eskuratu genuen eta eginiko zozketaren ostean puzela aldera joatea egokitu zitzaigun. Zozketaren emaitza ikusi orduko jakin genuen oso zaila izango zela lehen postua eskuratzea, Granollers, Cajasur Cordoba eta etxeko taldea, Cuatro Rayas Valladolid egokitu baizitzaizkigun taldean, izen handiko aurkariak guztiak. Hala eta guztiz ere, gure taldea ezagutzen duten guztiek dakite ez garela erraz amore ematekoak, eta gutxiago aurkarien izena dela eta.
Gauzak hala, ondo pasatzeko eta gozatzeko helburuarekin joan ginen Huerta del Rey pabilioi ikusgarrira, geure zalegoak bultzatuta. Lehen partida Kordobako taldearen aurka genuen. Talde indartsua zuten andaluziarrek, lehen lerroaren kalitatean eta pibote erraldoi batean oinarrituz, defentsa lanak alde batera utzi gabe. Bikain hasi genuen norgehiagoka eta lehen minututik erakutsi genuen ez ginela inor baino gutxiago. Gauzak hala, 14-9ko errentarekin kokatu ginen 25. minutuaren inguruan, baina erlaxazio une bat izan genuen eta ez zuten barkatu Kordobarrek, 0-4ko partziala lotu baitzuten lehen zatiaren azken minutuetan (14-13 atsedenaldian). Partida ez zen gehiegi aldatu bigarren zatian eta azken minutuetan aurretik jartzea lortu zuten. Azken minutuetan gehiago izan ginen arren, hainbat jaurtiketa garbi huts egiteak baldintzatu gintuen eta 22-24ko emaitzarekin porrot mingarria jasan genuen lehen egunean.
Ostiralean jazotakoa atzean utzi eta animoak berreskuratuta ekin genion larunbateko partidari, Granollers ahal guztidunaren aurka. Talde hau (Granollersko talde bat izateko) ez zitzaigun bereziki indartsua iruditu lehen egunean, non etxeko taldearen aurka galdu zuten, lehen posturako aukerarik gabe geratuz. Hala ere bada euskal esalmolde zahar bat, usteak erdia ustel dioena. Esaldi horrexek laburbil dezake talde kataluiniarrarekin izan genuen lehia, lehen minututik argi utzi baitzuten gu baino gehiago zirela. Beraien 3-2-1 defentsak min handia egin zigun eta kontraerasoen bidez txiki-txiki egin gintuzten. 18-32 izan zen emaitza azkenean, baina lehen idatzi dudan moduan, guk ez dugu inoiz amore ematen eta ez zaigu irribarrea hala nola ezabatzen aurpegitik, gure entrenatzaileak beti esaten baitigu garrantzitsuenak aurpegiak direla, emaitzen gainetik.
Horixe erakutsi genuen igandean. Dagoeneko azken postuan ginen, eta txapeldun zen Cuatro Rayas Valladoliden aurka jokatu behar genuen. Ez zuen jende askok egingo gure alde apustu. Bagenekien puzelako taldea aurkari egokia zela guretzat eta hasiera hasieratik gehiago izan ginen, irribarrea aurpegian, lehen zati gogoangarri bat burutu eta 9-19 irabazten erretiratu baiginen aldageletara. Beren jokalaririk onenak lehortu genituen defentsaren eta atezainen lan bikainari esker, eta erasoan onenen pare aritu ginen. Bigarren zatian emaitzari eustea lortu genuen, harmailetan gure zaletuek festa ederra antolatzen zuten bitartean. Norgehiagoka taldean ditugun bigarren urteko 7 jokalariek amaitu zuten (bat baino gehiago eskubaloia utzi beharrean baita) beste guztiok, afizioa barne, txaloka ginela. Txapeldunari 31-28 irabazi genion, eta gezurra badirudi ere, guk genirudien benetako txapeldunak. Edo hala gara agian.
Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiet lagundu diguten guraso, zaletu, entrenatzaile eta abarri, beraiek gabe ezbaiginen honaino helduko. Baina batez ere xake partida honetan parte hartu duten 15 peoi horiei eman nahi dizkiet eskerrak, urtean zehar bizitako guztiagatik, gu garaitzeko azken peoia ere bota behar baita.




