Aurreko asteburuan jokatu zen Kadete mutilen Euskadiko Fase Finala Zarautzen. Etxeko taldeak urtean zehar lorturiko emaitza bikainei esker (lehen eta bigarren faseak lehen postuan amaitu zituzten), azken fase hau etxean jokatzeko aukera eskuratu zuen. Iraitz Unanuek prestatzen duen taldeak Loyola Indautxu Basauri, Ereintza Aguaplast eta Eibar Eskubaloiaren aurka neurtu zituen indarrak ligako txapelketa eta estatuko onenen artean jokatzeko txartela lortzeko asmoz, eta nahiz eta lehen postua ez eskuratu, lortutako bigarren postu honek zapore gozoa utzi dute Zarauzko jokalari eta entrenatzaileen artean.
Kirol arloa alde batera utziz, eskubaloi festa polita ikusi ahal izan genuen Aritzbatalde kiroldegian, 4 taldeetako jarraitzaileen presentzia nabarmena izan zen eta etxekoen entrenatzaileek lerro hauetatik eskerrak eman nahi dizkiete asteburuan zehar taldea animatzera etorri diren guzti horiei.
Ostirala, Zarautz 21-25 Loyola Indautxu Basauri
Lehenengo egunean, Basauriko talde indartsuaren aurka jokatu zuten zarauztarrek. Taldeko kide guztiek bazekiten zein garrantzitsua den fase bat emaitza on batekin hastea, eta hori dela bide, etxeko taldeak sekulako maila eman zuen lehenengo zatian. Eneko Goenaga eta Julen Zubiaurreren artean osatutako defentsa bikainari esker, erasoan oso indartsua den talde bizkaitarra 9 goletan utzi zuten atsedenaldian markagailuak 12-9koa erakusten zuelarik. Bigarren zatian ordea, bizkaitarren erritmo gogorrak, erasoan hartutako erabaki okerrek eta epaileek harturiko zenbait erabaki eztabaidagarriren ondorioz, partidua 20nako berdinketarekin iritsi zen azken 5 minutuetara. Gauzak horrela, zarauztarrek ez zituzten euren aukerak ondo aprobetxatu eta Basaurikoek ez zuten barkatu. Azkenean, 4 goleko diferentzia gehiegizkoa izan zen kantxan ikusi zenaren ondoren, baina eginiko partiduarekin oso gustura amaitu zuten etxekoek.
Larunbata, Zarautz 24-23 Ereintza Aguaplast
Zarauztarrak, aurreko eguneko porrota atzean uzteko asmoz iritsi ziren Aritzbatalde Kiroldegira. Gainera, Ereintzak aurreko egunean lorturiko garaipena medio, garaipena ezinbestekoa zen etxekoentzat. Izan ere, galduz gero, igandean eibartarren aurkako partiduan erabakiko zen zein izango zen 3. eta zein 4. Horrela, presioak eragindako nerbioengatik erasoan lehen zati zaila izan zen gure mutilentzat. Ereintzako defentsa oso eroso ikusten zen baloia mugitzeko zailtasun asko zituen aurkari baten aurka eta gainera kanpotarren kontraerasoek min handia egin zuten. Horrela, 25. minutuan kanpotarrek 3 goleko aldea eskuratu zuten (9-12). Orduan, Iraitz Unanuek 4:2-ko defentsa agindu zuen Ereintzako jokalari garrantzitsuenak deseroso sentitu zitezen asmoz, eta erabaki ona izan zela esan daiteke, atsedenaldira 12-13 iritsi baitziren.
Bigarren zatian, etxekoek 4:2-ko defentsa horretan jarraitu zuten, eta berehala aurreratu ziren markagailuan (15-14). Nolanahi ere, Oreretako taldea ez zen inoiz partidutik joan, eta etengabeko berdinketak eman ziren amaierara arte. Markagailuan 23nakoa zenean, amaierarako minutu eta erdi falta zela, Aitor Atorrasagastik lorturiko gol bikain bati esker zarauztarrak aurretik ipini ziren eta markagailua ez zen gehiago mugitu buruturiko defentsa bikainari esker. Amaiera zirraragarria izan zen, kanpotarrek azken segunduan baloia zutoinera bidali zutelarik, baina egin beharreko lana egina zegoen, eta oso ondo gainera.
Taldeko jokalariak eta goleatzaileak: Borja Hidalgo (atezaina), Eneko Lazpita (1), Mikel Amilibia (8), Eneko Lizarralde (4), Eneko Goenaga (5), Josu Leunda (2), Julen Zubiaurre (1) –hasierako zazpikoa- Jon Alegre (atezaina), Aitor Atorrasagasti (1), Inhar Loidi (1), Telmo Sanz (1), Ibai Goikoetxea, Gorka Eizagirre eta Jokin Lucas
Igandea, Zarautz 30-26 Eibar Eskubaloia
Azken egunean jada, matematikak oso argi zituzten zarauztarrek. Irabazi edo berdinduz gero, 2. postua eskuratuko zuten, 3 edo gutxiagogaitik galduz gero 3.postua eta 4 edo gehiagogaitik galduz gero, azkenak izango ziren Espainiako sektoretik at geratuz. Hau jakinda, partiduaren hasiera hasieratik irten ziren agintea eskuratzekotan. Baita lortu ere, hasiera parekatsu baten ondoren, berehala markagailuak 9-5koa erakusten zuen. Ezin ahaztu Eneko Lazpita eta Inhar Loidiren defentsa aurreratua Eibarko jokalari onenei. Hau gutxi balitz, azken hauek huts eginez gero, txapelketa osoan zehar defentsan nagusi izan diren Julen Zubiaurre eta Eneko Goenaga agertzen ziren zulo guztiak estaliz. Hala ere, kontraeraso garbi batzuk huts egin eta erlaxazio bat dela kausa, atsedenaldian 14-11koa genuen markagailuan.
Bigarren zatian talde armagina partiduaren bila atera zen, estatuko sektorean sartzeko zituzten azken aukerak urratuz eta 14-13koa jarri zuten berehala. Nolanahi ere, zarauztarrak jaun eta jabe izan ziren partiduan eta defentsa berriz ere estutuz, erasoan Mikel Amilibiak bere erakustaldiarekin jarraitu zuen eta 8-3ko partzial batekin ia erabakita utzi zuten partidua (22-16 eta 23-17). Eibartarrek azken saiakera egin bazuten ere (24-20), zarauztarrek martxa bat igo bezain laster aldea berriz ere lehengora itzularazten zuten. Honela, azken minutuetan lasai jolasteko parada izan zuten eta aurrez aipatutako 30-26ko emaitzarekin amaitu zen partidua.
Taldeko jokalari eta goleatzaileak: Borja Hidalgo (atezaina), Eneko Lazpita (1), Mikel Amilibia (14), Eneko Lizarralde (1), Eneko Goenaga (3), Jokin Lucas (3), Julen Zubiaurre (3) –hasierako zazpikoa- Jon Alegre (atezaina), Aitor Atorrasagasti (2), Inhar Loidi (2), Ibai Goikoetxea (1), Josu Leunda, Gorka Eizagirre eta Telmo Sanz.
Eneko Goenagaren gol ikusgarria Eibarren aurka.
Espainiako txapelketa
Ondorioz, zarauztarrek Espainiako txapelketa jokatuko dute maiatzaren 16tik 18ra bitartean (tokia eta aurkariak oraindik zozketatu gabe daudelarik). Erronka gogorra Iraitz Unanueren mutilentzat, astebeteko atsedenaren ondoren txapelketa hau prestatzen hasiko direlarik. Urtean zehar eginiko lana agerian geratu da 2.postu bikain honekin, eta hemendik aurrera gozatzea besterik ez da falta.
Taldea besarkatuta partidu baten hasieran.
Taldearen argazkia ostiraleko partiduaren aurretik.
Zarauzko mutilak 2.postua lortu ondoren koparekin.

