Ez zitzaien denboraldia aldapa behera hasi lehen urteko infantilei. Hala ere, porrot batzuk ez zuten gaztetxoen aldarte eta gogo bizia zapuztu eta, betiere bigarren urteko infantilen kontra, euren jokoa, giro ona eta batasuna garatuz joan dira. Aipatu beharrean geratzen da sailkapeneko oilarren aurka erakutsitako indarra eta prestutasuna. Talde bezala goruntz eta aurrera egin dute, bidean hainbat zailtasun gaindituz. Era berean, maila indibidualean ere belakiak lez barneratu dituzte Iñigo entrenatzailearen irakaspen eta aholkuak. Azkenean, denboraldia sailkapeneko erdigunean amaitu dute.

Orain berriz, Aldundiaren Kopan, bigarren urteko eta lehen urteko infantilen aurka aritu beharko dira. Euren buruan gehixeago sinistuz gero emaitza hobeak lortuko dituztela konturatuko dira. Izan ere, garaipena eskuetan izanda, azken minutuetan puntuak ihesi baitziazkie nahi baino gehiagotan. Baina hori ere denborak ekarriko du, ikasteko gogo bizi horren ildotik iritsiko baita burua hotz edukitzeko beta. Zaila da irabaztea, galtzen jakitea bezainbeste apika. Eta hori ere ikasiko dute, ziur.

Hain zuzen ere hari horri tiraka jardun da urte osoan zehar Iñigo entrenatzailea. Gazteei konfidantza emanaz askoz errazagoa baita eskubaloia bezalako taldeko kirol batean talde indartu, jokalari bakoitzaren doaiak osatu eta aurrera egitea. Horrela ikusiko baitute posible dela edozer, taldea indartsu badago. Jokalari ederrak datoz eta talde txukun askoa. Guda oihu bat ere osatu dute, eurena propioa:

– PATATA LEHENDAKARI…….IIIIEEEEUUUUUU!!!

IMG_0134