Ilusio handiz aritu dira alebinetako mutilak. Izan ere bi talde ditugu maila honetako 2. urteko mutiletan. Gazteek arrazoi ezberdinak medio heltzen diote eskubaloiari: batzuk argi dute eurena baloi txikiaren kirola dela, beste batzuk azken urtea izango dutela nabari dute, eta, azkenik, beste batzuk kirola eta giroaren amutik etorri dira eskubaloia “probatzera”. Baina denek topatu dute kirol honetan bizitasuna eta giro sanoa.
Hasiera guztiak bezalaxe, bi taldeena ez zen larrosez apaindutako bidea izan. Hasierako partidetan baten bat oraindik urratsak kontatzen ikus genitzakeen; bat, bi, hiru… Orain, ordea, ikusi behar genituzke, jokatzen izugarri disfrutatzen baitute. Ondo aritu dira. Eta gehixeago saiatutakoan, bikain. Oinarrian dute gaztetasunari darion gogoa, eta hori da garrantzitsuena noski. Gurasoek ere majo gozatu dute euren haurrak ikusten, eta euren hondar aletxoa ere jarri ohi dute, kanpoko partidetara joateko gidari lanak eginez. Edonolako laguntza garrantzitsua da gure kirolak aurrera jarrai dezan.
Entrenatzaile bolondresak ere gustura burutu dute denboraldia. Sarri zaila izaten dena kontrolatzen saiatu dira, bi talde orekatu egin baitituzte. Oreka horrek eman die mutilen lana eta maila indartzeko ahalbidea. Eta esan beharra dago, hori guztia gure gazteak gehiegi ezagutu gabe egin dutela. Gazteak poltsikoratu dituzte, kiroltasun zein giro onaren eskutik. A taldeak garaipen, berdinketa eta porrot bana lortu ditu eta B taldea bi garaipen eta porrot bat. Ilusio eta gogo horiekin dena bere kabuz etorriko da, garaipenak, lagunak, bizipen ezberdinak eta giro ona, hain zuzen ere. Bada Zarautzen harrobia, alajaina.


