Joan den asteburuan Euskadi mailako lauko finala jokatu berri dugu Iñaki eta Peru Balenziagak zuzenduriko jubenil mutilek Zumaian. Denboraldi osoan eginiko lana erakusteko aukera zen, gutxik (ezta geuk ere) esperotako emaitzak lortu ostean urtean zehar. Taldeak gora eta gora egin du partidek aurrera egin ahala, defentsako lanean, taldeko jokoan eta minutuen banaketan oinarrituz.
Gauzak ala, ezeri muzin egin gabe, gogo eta ilusio guztiarekin ekin genion lauko finalari ostiralean Eibarren aurka. Denboraldian zehar lau aldiz jokatzeko aukera izan dugu talde armaginaren aurka eta ondorioz elkarren ezagutza eta errespetu ugari genuen bi taldeok. Eibartarrak gure talde antzekoa dutenez, hasieratik ikusi zen partida luzea, trabatua eta gogorra izango zela. Hala eta guztiz ere, lehen minutuetan gogor hasi ginen eta defentsari eta atearen aurrean huts gutxiago egiteari esker 3 goleko errentarekin alde egin genuen atsedenaldira. Bigarren zatian partidaren joera ez zen asko aldatu eta 10 minutu inguru falta zirela partidako errentarik handiena genuen markagailuan, 20-16 geure alde. Baina Eibartarrek lauko final osoan zehar erakutsi duten moduan ez dute erraz amore ematen eta partida berdintzea lortu zuten minutu eta erdi faltan. Geuk jaurtiketa argi bat hutsegin eta ondorengo defentsan baloia lapurtu ondoren, penalti jaurtiketa izan genuen alde 10 segundu faltan, berdinduta geundela (22-22). Ez genuen sartzeko zorterik izan, baina emaitza positibo bat lortu genuen lehen eguna izateko.
Larunbatean etxeko Pulporen aurka jokatu genuen, hasiera batean norgehiagokarik zailena. Generazio pribilegiatua dute Zumaiarrek adin honetan, erasoan kalitate bildurgarria duen taldea baita. Bagenekien zaila izango zela, baina geure entrenatzaileak zioen esaldi batek laburbiltzen ditu gure esperantzak: “Un buen ataque gana partidos, una buena defensa campeonatos”. Lehen 15 minutuetan bikain aguantatu genuen gure defensari esker (6-6) baina epaileen pare bat erabaki dudagarri medio atsedenaldira 12-8 heldu ginen. Bigarren zati hasiera gogor bati esker, lehia gehien komeni zitzaigun aldera hurbildu genuen eta gol batera ere jarrri ginen. Azken minutuetan ordea, nekea eta erasoan ez asmatzearen ondorioz beraien jokoa gailendu zitzaigun, 25-20 galduz.
Azken egunera Espainiako sektorean sartzeko helburuarekin heldu ginen, txapeldun geratzea ez baitzen posible. Bilboko Loyola izan genuen aurkari, jokalariak banan-banan hartuta indar eta jaurtiketa gehien duen taldea ziurrenik. Partida hasieratik erakutsi genuen gehiago ginela, eta minutuak banatzeak bere fruituak eman zizkigun, beraiek ordaindu egin zuten bitartean. Azkenean emaitza 31-26 (14-12 atsedenaldian) izan zen partida borobil baten ostean.
Azken partidan Pulporen garaipenari esker bigarren postua eskuratu genuen. Denboraldi hasieran genituen espektatiba guztiak hautsi eta emaitza bikaina lortu dugu, Espainiako sektorerako txartela ere ematen diguna. Amaitzeko, hiru egunetan zehar harmailetan izan dugun giro bikaina eskertu nahi diegu Zarauztik hurbildutako zale guztiei, benetan igertzen baita beraien berotasuna intentsitate honetako partidetan.
“Solo hay dos dias en la vida donde no puedes hacer nada, una era ayer y la otra es mañana”
Dalai Lama



