ZKE-ko Eskubaloi atalaren lan guztiaren emaitzetako bat, goi mailako bi talde (mutilena zein neskena) ahalik eta maila gorenean izatea izan da, eta da.  Mutilen taldea dela eta, Amenabar alegia, aurten daraman ibilbidea gainontzeko guztiak itzaltzeko modukoa izaten ari da.  Paregabea benetan.  Eta zoriontzekoa.

Baina hor gora iristeko, eta mantentzeko, beste maila guztietan ere lana egin beharra dago.  Hasi gaztetxoenetatik eta helduenetaraino.  Bai mutilekin eta bai neskekin.  Lan itzela beste hau ere, eta askotan isilean pasatzen bada ere, oihartzun gehiago izan beharko lukeena.  Nola ez, zoriontzekoa hau ere, punta puntakoena bezain beste.  Hala eta guztiz ere, horretan dabiltzan gehienek, zinez asegarria dela diote.  Eta horrekin geratzea ez da gutxi.

28 talde, 447 jokalari, guzti horientzat entrenatzaileak, delegatuak, ………., hitzik ez.  Esku bat denok bota behar dugula besterik ez.

Gure jardunaren emaitzen inguruan, ikuspegi asko landu daitezke.  Horietako bat kirol emaitzen azterketa izan daiteke.  Eta horien artean, harrobiaren neurritzat hartzen diren kadete eta jubenil mailako Euskal Ligako taldeek nola dabiltzan aztertzea, adibidez.

Horren harira, eta kontuan izanik lehiaketaren bigarren fasea amaitzear dagoela, badago zer esana.

Mutiletan, tope.  Lehen faseari dagokionean, inoiz lortu ez den emaitzik onena lortu izan zela, zeren bi mailen arteko sailkapen bateratuan, ZKE aurtengo Euskadiko lehen elkartea izatera iritsi da.  Eta gailentze hori, nahiko erraz gauzatu zen azkenean, bigarrenari 5 puntu atereaz.  Hori horrela, bi taldeak bigarren fasera erraz pasa ziren, kadeteak lehenak eta jubenilak hirugarren izan baitziren.  Orain, bigarren fase hau amaitzen ari den honetan, bai jubenilak, eta bai kadeteak, txapeldunak eta Sektoreetan parte hartuko dutenak erabakiko dituzten “lauko finaletara” sailkatuta daude jada.  Eta gainera, kadeteena, azken unean gauzak ez badira okertzen behintzat, Zarautzen jokatuko da.

Nesketan, aldiz, urte askotan “gure” izan den sailkapen bateratu hori irabaztetik urrun xamar geratu gara.  Jubenilek lehen fase horretan bigarren geratzea lortu bazuten ere, kadeteek urte kaxkarra izan zuten, eta tamalez, “gol average” madarikatua tarte, zazpigarrenak besterik ez ziren izan, eta bigarren fasera pasatzeko aukera ez dute eduki.  Etorriko dira urte hobeak, ez izan zalantzarik.  Orain, bukatzear den bigarren fase honetan, jubenilek aurrera egitea lortu dute jada, eta “lauko finalean” han izango dira hauek ere.

Beraz, lau taldeetatik hiru Euskadiko lehen lauretan sartuko dira aurten ere, eta laster jakingo dugu zehatz-mehatz zein lekutan geratuko diren.  Jubenilek, neska eta mutilek, apirileko 4-5-6-ko asteburuan neurtuko dituzte beraien indarrak.  Eta kadete mutilek aste bete beranduago, hilabete bereko 11-12-13-ko asteburuan, justu Aste Santu aurreko asteburuan.