Hitz horrexekin definituko genuke aurtengo denboraldia gure ikuspegitik: ilusioa. Eskubaloian federatzeko hautua egin genuenetik urtez urte batera jardun baikara, batera ikasi dugu eta batera hazi gara.

Infantil mailatik batera jarduteak ahizpak bagina moduan elkar ezagutzea ekarri digu, 6 urtez hainbat momentu gogoangarri biziz. Aipagarrienen artean bigarren urteko kadeteak ginenean eginiko lorpenak egongo lirateke. Denboraldi hasiera gorabeheratsu baten ostean, Euskadiko Finaletik kanpo gelditzeko zorian egon ondoren, txapelketako nagusi izatea lortu genuen Barakaldon jolasturiko fasean, horrek hurrengo sektorea etxean jolasteko beta eman zigularik. Aritzbatalde kiroldegian ere maila txukuna eman genuen sektoreko lehen postuan geldituz, eta hala, oraindik sinetsi ezin genuela, Estatuko Sektore Finalera joan ginen Guadalajarara, Espainiako 8. postutik gorakoen artean borrokatzera. Bertako emaitzak oso onak izan ez baziren ere, bizitako esperientzia ordezkaezina izan zen ezbairik gabe.

Ordura arte eginiko lana islatu zuten urte hartako emaitzek, eta badakigu aurtengoa dela gure izaera hori erakusteko azken urtea, datorrenetik aurrera bakoitzak bere bidea egingo baitu. Hortik dator bigarren urteko jubenilok beti berezkoa izan dugun grin hori, zerbait berezia egiteko desio hori. Dena den, egunerokotasunaz gozatu beharra dago kirol honetan biharkoari horrenbeste begiratu gabe. Horregatik, iristen garen lekura iristen garela, gaur arte bizitakoa ez digu inork kenduko, eta ziur gaude irrifar haundi batekin oroituko ditugula elkarrekin igarotako urteok.IMG_0018