Ligako 15.jardunaldian murgildurik, zarauztarrek bi puntu garrantzitsu eskuratu zituzten Oreretako Ereintza taldearen aurka. Garaipen honekin sailkapeneko 5. postuan kokatu dira zarauztarrak, 3. eta 4. postuan aurkitzen diren Soraluze eta Erandio taldeekin berdindurik.

Partiduari dagokionez, lehia estua izan zen bi taldeen artean, bi taldeek bazuten elkarren aurka jokatzeko gogoa Zarautz-Ereintza guztietan bezala, eta etxekoek bigarren zatiko joko ona baliatuz garaipena lortu ahal izan zuten.

Lehen zatian, zarauztarrak indartsu irten ziren, defentsan gogor eta erasoan aukera egokiak aurkituz. Markagailuan aurretik jarri ziren berehala baina Ereintza ez zen partidutik atera eta distantziak laburra izaten jarraitzen zuen. Lehen zatiaren hondarrean, zarauztarrek erasoan egindako akatsak baliatuz, kanpotarrek markagailua berdindu zuten atsedenaldian (11-11).

Bigarren zatian zarauztarrak hasieran bezain indartsu irten ziren, eta 3-0ko partzial bat lortu zuten berehala. Etxekoak oso txukun aritu ziren defentsako lanean eta kanpotarrek arazo handiak izan zituzten golak eskuratzeko garaian. Horrela, zarauztarrek abantaila hori eustea lortu zuten azken minutuetan lasai jokatzeko erosotasunarekin. Amaieran, 23-19 etxekoentzat oso partidu txukun baten ondoren.

Aipamen berezia Mikel Roteta atezainarentzat bigarren zatian eginiko hainbat geldiketa garrantzitsurekin eta Julen Aizpitarte eta Alex Eizagirreren lana erasoan goleatzaile nagusi bezala.

12133389315_2bc2f3d877_b

Testua: Iraitz Unanue — Argazkia: Aritz Makazaga