Euskal Ligako kadete mutilek garaipen garrantzitsua lortu zuten Zumaiako Pulpo taldearen aurka. Iraitz Unanuek eta Markel Aizpitartek zuzentzen duten taldeak lehen postuan kokatzea lortu du lehen fasea amaitzeko jardunaldi baten faltan 26 puntu posibletatik 22 eskuratuz. Datorren astean Legazpiko Caribe Berri talde gogorraren aurka jokatzen duten partiduan erabakiko da zein postutan aimatuko duten eta bigarren fasean zein aurkari izango dituen.

Kostaldeko derby honetan, bi taldeei lesioak direla eta jende garrantzitsua falta bazitzaien ere, 2 puntu garrantzitsu zeuden jokuan eta etxekoek eskuratu zituzten partidu kaxkar baten ondoren, ziur asko urteko partidurik txarrena jokatuz.

Hasiera oso parekatua izan zen, zarauztarrak oso gaizki aritu ziren erasoko lanetan eta defentsan ere akats nabarmenak izan zituzten. Horrela, zumaiarrak partiduan oso ondo iraun zuten eta lehen zatia amaitzeko 10 segundu faltan partidua 11-11 berdintzea lortu zuten. Azken jokaldian, Mikel Amilibiak sartu zuen gol bati esker gol bateko abantailarekin joatea lortu zuen Zarautzek atsedenaldira (12-11).

Bigarren zatian, erasoko arazoek bere horretan jarraitzen zuten, baloiaren zirkulazioan gaizki eta jaurtiketa nabarmenak huts eginez. Nolanahi ere, defentsan eginiko hobekuntza agerian geratu zen, lehen zatian zumaiarrek aurkitu zituzten zuloak ondo itxi zituzten eta honi esker partidua aurrera ateratzea lortu zuten. Xabi Letamendia kanpotarren entrenatzaileak defentsa aurreratu bazuen ere, zarauztarrek jada aldea ondo kudeatzea lortu zuten eta amaieran ez zuten asko sufritu beharrik izan Pulpo menderatzeko. Amaieran markagailuak 23-18koa erakusten zuen.

Taldeko jokalariak eta golak: Borja Hidalgo (atezaina), Imanol Azkue, Julen Zubiaurre (2), Josu Leunda (1), Inhar Loidi (4), Mikel Amilibia (5), Telmo Sanz- hasierako zazpikoa-, Ibai Goikoetxea (3), Eneko Lazpita (1), Axier Burgoa (1), Eneko Lizarralde (6), Jokin Lucas, Aitor Atorrasagasti eta Jon Alegre (atezaina).

zumaia

(Eneko Lizarralderen gola)

Testua: Iraitz Unanue